Hainbat kirol saiatzen ahalko dira Kirol Egunean

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 14a

Hirugarren ediziorako, goiz eta arratsaldez, egitarau polita prestatu dute

Azken bi urteetan bezala Kirol Eguna ospatuko dute Beran. Aurten larunbatean izanen da. Goizeko 10:00etatik aitzinera hainbat kirol ezagutzeko parada izanen da herriko toki ezberdinetan.

Goizeko eskaintzak, Toki Ona kiroldegian eta inguruetan izanen dira. Barnean, 10:00etan, 11:30ean eta 13:00etan Ciclo Indoor delako saioetan parte hartzeko aukera izanen da, hau da, barneko bizikletan aritzea gorputzeko gaineko partearekin gimnastika eginez. Aerobika nahiago dutenentzat saioak 10:30ean eta 12.00etan eskainiko dira. Kanpoko jardueretan aritzea gustuko dutenentzat, urtero bezala, herriko krosa jokatuko da goizeko 10:30ean kiroldegitik abiatuta.

Arratsalderako ere egitarau polita osatu dute, alde batetik erakustaldiak, eta bertzetik tailerrak. Motozaleek, Ibardinen jokatuko den moto-trial proba ikusteko aukera izanen dute, eta borroka kirolzaleek berriz, arratsaldeko 16:30ean eskainiko den Kenpo Kai erakustaldia. Ikusi baino parte hartu nahiago dutenek aukera izanen dute ondoko bi ekitaldietan. Arratsaldeko 17:00etan saskibaloi partidua jokatuko da kiroldegian, eta 18:00etan zesta-punta probatzen ahalko da haur eta gazteentzako tailerra eskainiko baita Altzateko pilotalekuan. Ondotik profesionalak nola aritzen den ikusteko aukera ere izanen da El Pais Del Bidasoa zesta-punta txapelketako lehen finalerdia Eztegaragako pilotalekuan jokatuko delako arratseko 19:00etan.

Egitarau hori ikusi eta, kirolzaleek eta kirol berriak saiatu nahi dituztenek ez dute aitzakiarik izanen larunbateko kirol egunean ez parte hartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun