Larunbat arratsaldean ospatuko da Berako lehen Zig Zag moto-trial txapelketa. Eguerdiko 14:30etik aitzinera kirol hau gustuko dutenek hitzordua izanen dute Ibardinen.
Benten gaineko aldean jokatuko den proba, 7 zonatan banatu dute, eta parte hartzaile bakoitzak 3 itzuli egin beharko ditu. Tambarria moto klubak antolatzen duen lehia Nafarroa eta Errioxako Txapelketaren 8. jardunaldia izanen da, eta horretaz gain, Nafarroako Txapelketarako ere balioko du. Parte hartuko dutenen artean Aitor Irazoki beratarra izanen da gure eskualdeko ordezkari bakarra.
Horrelako hitzorduetan ohi izaten denez, antolatzaileek ikustera hurbildu direnentzat ostatua paratuko dute Ibardingo azken bentako aparkalekuan, eta proba bukatu bezain laster luntxa eskainiko da arratsaldeko 19:00ak aldean. Bitartean Iker Lezetak eta Alberto Gomezek bike-trial erakustaldia eskainiko dute.