Larunbatean erabakiko da Berako alkate berria nor izanen den. Joan den astean, orain alkate den Helena San Estebanekin bildu ginen, eta Nafarroa Bai koalizioa osatzeko arazorik ez zuela ikusten erran zigun. Hala gertatuko balitz, boto gehien bildu duen EAE-ANVk ez luke alkatetzarik lortuko. Horri buruz Josu Irazokik ANVko zerrendaburuak zer dioen ezagutzeko, eta azken aste hauetan gainerako alderdiekin zer-nolako harremanak izan dituzten jakiteko, berekin egon gara.
Josu Irazokik erran digunez, Aralar, EA eta EAJrekin ez dira bildu, baina hitz egiteko edo koalizioak egiteko prest daude, baina beti ere, baldintzarik gabe. Bere ustez garrantzitsuena, herritarrek eskatu duten aldaketari erantzutea da. Alkatetza izateari ala ez izateari ez dio aparteko garrantzirik ematen, eta aurkeztu duten programa defendatuko dute. ANVko zerrenda buruak adierazi digunez, beste alderdiek ere kontuan hartu beharko dute herritarrek eskatu duten aldaketa.
Bestalde, ANVko alkategaiaren ustez edozein koalizio egiteak alde txarra ekar lezake, hau da, pentsatzen denaren kontrakoa bozkatzea alderdien artean hitzarmena dagoelako. ANVk gaiak banan-bana aztertzea eta askatasun osoz bozkatzearen aldeko apustua egiten du.
Beran Nafarroa Bai koalizioa osatzeari, berriz, ez dio logikarik ikusten Josu Iratzokik. Bere ustez, koalizioaren funtsa UPNren kontra egitea baitzen.
Zinegotzi berrien kargu hartzea eta alkatearen bozkatzea larunbat honetan eginen da eguerdiko 12:00etan.