EAE-ANVren ustez beratarrek eskatutako aldaketa errespetatu behar da

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 13a

Koalizioak ez ditu begi onez ikusten batzuetan gogoz kontra bozkatzea eragiten baitute

Larunbatean erabakiko da Berako alkate berria nor izanen den. Joan den astean, gaur egungo alkatea den Helena San Estebanekin bildu ginen, eta Nafarroa Bai koalizioa osatzeko arazorik ez zuela ikusten erran zigun. Hala gertatuko balitz boto gehien bildu duen EAE-ANVk ez luke alkatetza lortuko. Horri buruz, Josu Irazokik zerrenda buruak zer dioen, eta azken aste hauetan gainerako alderdiekin zer-nolako harremanak izan dituzten jakiteko berekin egon gara.

Erran digunez, Aralar, EA eta EAJrekin ez dira bildu, baina hitz egiteko edo koalizioak egiteko prest daude baina beti ere baldintzarik gabe. Bere ustez garrantzitsuena, herritarrek eskatu duten aldaketari erantzutea da.Alkatetza izan ala ez izateari ez dio aparteko garrantzirik ematen. Haiek aurkeztu duten programa defendatuko dute, eta EAE-ANVko zerrenda buruak adierazi digunez, beste alderdiek ere kontuan hartu beharko dute herritarrek eskatu duten aldaketa.

Bestalde, alkate gaiaren ustez koalizio batek alde txarra ekar lezake, hau da pentsatzen denaren kontrakoa bozkatzea alderdiaren artean hitzarmena dagoelako. Haiek, gaiak banan bana aztertzea, eta askatasun osoz bozkatzearen aldeko apustua egiten dute. Beran, Nafarroa Bai koalizioa osatzeari buruz berriz ez dio logikarik ikusten Josu Iratzokik, bere ustez, koalizioaren funtsa UPNren kontra egitea baitzen.

Zinegotzi berrien kargu hartzea eta alkatearen bozkatzea heldu den larunbatean eginen dira eguerdiko 12:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun