Urtero bezala ekainean, Lesakako San Fermin Erretiratuen elkarteak urteko bazkaria egin du, eta Nafarroako Aurrezki Kutxaren laguntzarekin kideen artean Diamante edo Urrezko Ezteiak betetzen dituzten bikoteak omendu dituzte. Aurten 5 izan dira, Jose Mari Maia eta Teresa Altzugarai, Federico Mitxelena eta Luzia Teiletxea, Cristobal Zamarona eta Maria Teresa Aguilar, Pedro Lanz eta Amparo Otxoteko, eta Luis Ordoki eta Tomasa Otxoteko azken bi hauek bestan parte hartu ezin izan dutelarik.
Ohi bezala, eguerdian, Ander Gillegik meza eskaini du San Martin Elizan, eta kalejiran Plaza Zaharrera joan ondotik, aurreskua dantzatu diete bertaratu diren 6 omenduei. Orduan herriko pilotalekuko bidea hartu dute bertan bazkaldu baitute familiar eta San Fermin erretiratuen elkarteko bertze kideekin batera.
Bazkarirako 170 lagun bildu dira, alde batetik, mahai nagusian Herriko Alkatea Juan Fermin Mitxelena eta bere andrea Victoria Gortari, lesakako apeza Ander Gillegi eta eskualdeko eta Lesakako Nafarroako Aurrezki Kutxako arduradunak, bestaldetik 6 omenduak eta haien familiak hiru mahaitan banatuta, eta azkenik, gainerako elkarteko kideak, zuzendaritza batzordekoek haien mahaia zutelarik. Jaten hasi aitzin Nafarroako Kortesen Himnoa entzun dute eta ondotik, herriko alkateak bi hitz erran ditu, eta Ander Gillerik otordua benedikatu. Ekitaldi ofizial guziak bukatuak zirela, lasai ederrean bazkaldu ahal izan dute eta ondotik dantzatu.