Dagoeneko 5 hilabete pasa dira Arantzako ludotekak ateak ireki zituenetik. Lehen esperientzia baikorra izan bada ere, momentuz haurtzaindegiaren etorkizuna ez dago segurtatua, heldu den urtean zenbat haur izanen dituzten ez baitakite.
Urte hasieraz geroztik, Julen Zelaieta Berako gaztea begirale zutela Arantzako 8 haur herriko ludotekan ibili dira astegunez, 9:00etatik 13:00ak arte. Haurtzaindegiko arduradunak zein Koldobike Gorostiza gurasoak erran digutenez, esperientzia ona izan da, eta segitu beharko lukeena. Hala ere, hemendik bi urtera haur nahikoa izanen badira ludoteka irekita edukitzeko, heldu den ikasturtea zalantzan dago oraindik. Julen Zelaietak dioenez guttienez 4 haur izan beharko lukete, eta momentuz, bizpahiru besterik ez daude segurtatuak. Koldobike Gorostizak azpimarratu duenez, esperientzia ona izateaz gain denbora libre edo behintzat bertze zerbait egiteko denbora eman die. Argi dago pena izanen zela haurtzaindegia ixtea, beti errazago izaten baita zerbitzuak bertan behera uztea irekitzea baino.