Dagoeneko 5 hilabete pasa dira Arantzako ludotekak ateak ireki zituenetik. Lehen esperientzia baikorra izan bada ere, momentuz haurtzaindegiaren etorkizuna ez dago segurtatua heldu den urtean zenbat haur izanen dituzten ez baitakite.
Urte hasieraz geroztik, Julen Zelaieta Berako gaztea begirale zutela Arantzako 8 haurrek herriko ludotekan iragan dituzte aste tarteko goizak, 9:00etatik 13:00ak arte. Haurtzaindegiko arduradunak zein Koldobike Gorostiza gurasoak erran digutenez, esperientzia oso ona izan da, eta segitu beharko lukeena. Hala ere, hemendik bi urtera haur nahiko izanen badira ludoteka irekita edukitzeko heldu den ikasturtea zalantzan dago oraindik. Julen Zelaietak adierazi digunez guttienez 4 haur izan beharko lituzke eta momentuz bizpahiru besterik ez daude segurtatuak. Koldobike Gorostizak azpimarratu digunez esperientzia ona izateaz gain denbora libre edo behintzat bertze zerbait egiteko denbora eman die. Argi dago pena izanen litzatekeela haurtzaindegia hestea, beti errazago izaten baita zerbitzuen hestea irekitzea baino.