Ehun bat lagun bildu ziren Milakabilakaren aurkezpenean

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 11

Jon Elizetxe eta Fermin Gartxitorenak mugimendu herrikoiaren oinarriak azaldu zituzten

2006ko apirilaz geroztik, sigla eta alderdi politikoekiko loturarik onartu gabe elkarrizketa eta akordioaren alde egiten duen mugimendua herriz herri dabil defendatzen dituen oinarriak zabaltzeko. Larunbatean, Baztan-Bidasoako Milakabilakaren aurkezpena izan zen. Ekitaldia hasi baino lehen, Jo ala Jo kultur taldekoek kirikoketa jo zuten, eta ondotik Donato Larretxeak aizkora erakustaldia eskaini zuen zutikako enbor bat eta etzandako bi enbor moztuz. Aurkezpen ekitaldia dantzariek eskainitako saioarekin bukatu zen.

Milakabilaka taldearen ideiak eta mamia aurkezteko gure eskualdeko kultur munduko bi aurpegi ezagun igo ziren oholtzara, Fermin Gartxitorena Xorroxin Irratiko esataria, eta Jon Elizetxe Gartzaingo bertsolaria. Lehenak Milakabilakan nola parte har daitekeen eta nola lagun daitekeen azaldu zuen. Jon Elizetxek, aldiz, Milakabilakaren agiria irakurri zuen.

Eskualdekako aurkezpenetan ohitura dutenez, bildutako jende guztiarekin argazkia atera zuten ekitaldi bukatu ondotik, eta horretaz gain, 12:00etatik aitzinera Milakabilakari atxikimendua adierazi nahi zioten guziek 5 euroren truke, “Errespetua” lemarekin argazkia atera ahal zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun