Ainara Maia alkate berria izanen da heldu den 4 urteetan

Nerea ALTZURI 2007ko eka. 11a, 13:06

Maiatzaren 27ko emaitzen berri azken alean jaso zen xehetasun osoz. Halere, tarte honetan bertze zenbait xehetasun ere emateko lerro batzuk baliatuko ditugu. Egun horretako udal eta foru hauteskundeetarako herriko zentsoan 595 herritar boto emateko aukerarekin izanik, %84 inguruko parte-hartzea izan zen. Beraz, herritar aunitzek botoa eman zuela ondorioztatu dezakegu. Herriko Eskolako gimnasioan kokatu zen ohi bezala bozetarako aretoa, eta Jabiertxo Iparragirre, Ines Gonzalez eta MÂȘ Isabel Tarazonak osatu zuten hauteskunde-mahaia. Goizeko 9etan ireki, eta ilunabarreko 8etan itxi zen hauteskunde-ontzia. Tenore horretan, herritarrez topera beteta zegoen aretoan zenbaketa lana hasi zen. Arratseko 10ak baziren, herriko bozkak kontatu orduko, eta emaitzak hauek: talderik bozkatuena Arantza Aitzinera izan zen 276 botorekin, eta EAJ-PNVk 204 jaso zituen. Boto baliogabeak 12 izan ziren, eta xuriak, aldiz, 9.

Ondotik, Nafarroako Legebiltzarrerako bozkak zenbatu zituzten. Gogoratuko duzuenez Estatuko Fiskaltzak EAE-ANV baliogabetu zuen parlamentuan, eta emaitzak hurrengoak izan ziren: NaBaik 239, UPNk 63, PSNk 21, NEBk 0, CDNk 15, EKAk bat ere ez, RCN-NOKek 2, baliogabeak 143 eta zuriak 10.

Larunbat goizean, hilak 16k, Herriko Etxeko Pleno Aretoan, kargu hartze ekitaldia eginen da. Bertze aldaketik ez bada, honela osatuko da Udala: Arantza Aitzineratik 4 hautetsirekin, Ainara Maia alkate, Jaime Iturria, Aitor Telletxea eta Ainara Amoros. Eta EAJ-PNVtik, 3 zinegotzi: Vicente Arozena (orain arteko alkatea), Fco. Javier Taberna eta Julio Lukanbio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun