Larunbatean jakinen da nor izanen den alkate berria

Amaia eta Ainhoa 2007ko ekainaren 11

Maiatzaren 27an egin ziren hauteskundeetan lau talde bozkatzeko aukera izan zen. 594 botorekin ANV izan zen talderik bozkatuena eta lau hautetsi lortu zituen, EAk hiru hautetsi (483 boto) eta EAJ eta Aralarrek bina (366 eta 314 boturekin, hurrenez hurren). Boto kopuruen arabera, Josu Iratzoki izanen litzateke alkate berria, baina dakigunez gainerako taldeak bilerak egiten ari dira udal taldea osatzeko.

Aukeretako bat EA eta EAJ elkartzea izan zitekeen, eta kasu horretan Helena Santestebanek segituko luke alkate izaten. Aipatu digutenez, hauteskundeen aurretik NaBai taldea osatzeko aukera ere aztertu zen eta orain ere hori izan zitekeen aukeretako bat. Halere, EAJk bere buruari botoa ematea ere ez du baztertzen. Aralarri dagokionez, litekeena da bere botoak beretzat gordetzea. Momentuz, kronika hau idatzi den momentuan (pasa den ortzegunean), talde ezberdinen arteko bilera-prozesua zabalik segitzen zuen, eta oraindik deus erabakirik ez zegoenez, aste hondar honetara esperatu beharko da alkatetza argitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun