Lesakan bezala Beran ere momentuz ez dago argi nor izanen den heldu den legealdirako alkatea. EAE-ANVk lau zinegotzi lortu ditu, EAk 3, EAJk 2 eta Aralarrek bertze 2. Koaliziorik ez bada egiten Josu Iratzoki izanen litzateke alkate berria, baina Helena Sanestebanek erran digunez alkate segitzeko asmoa du eta ez du arazorik ikusten Nafarroa Bai koalizioa osatzeko. Hala ere momentuz deus ez dagoela egina erran digu.
Udalak eratzeko eta alkate berriak hautatzeko aste bat gelditzen dela, EAko zerrenda buruak adierazi digunez, Aralarkoei bilera eskatu diete eta beraz heldu den egunetan gauzatu beharko litzateke. EAJkoekin aldiz dagoeneko bildu dira baina hitzarmenik ez dute aipatu, baizik eta, heldu den legealdian nola lan egiten ahalko luketen.
Gaur egungo alkateari bertze alderdiei zer eskaintzeko prest zegoen haien botoen eskuratzeko galdetu diogu. Erantzun digunez, zerbait eskaini baino gehiago, hitzarmen bat onartzekotan, bakoitzak duen programatik abiatuz amankomun bat osatzea izanen litzateke egin beharrekoa.
Aipatu bezala koalizio edo hitzarmenik ez bada adosten, boto gehien bildu duen EAE-ANVko zerrenda burua izanen litzateke alkatea. Momentuz EAkoek haiekin ez dute bilerarik izan baina prest leudekeela erran digu Helena Santestebanek. Hala ere lehentasuna Nafarroa Bai Koalizioari ematen dio.