Urte eta hiru hilabeteko zigorra jarri diote Zaine Rekondori

ttipi-ttapa 2007ko eka. 7a, 17:33

Fiskaltzak helegiterik ez badu jartzen, Zaine aske izatea ala ez epaileek erabakiko dute

Zaine Rekondo lesakar gazteari urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra jarri diote ETArekin kolaboratzeko saiakera egiteagatik. Egun hauetan fiskaltzak helegiterik ez badu jartzen, epaileek erabakiko dute Lesakako gazteak zigor osoa bete behar duen ala ez.

Bi mila eta bosteko maiatzaren 17an atxilotu zuten ETAko kolaboratzaile izategatik. Epaiketaren zain 9 hilabete pasa zituen Madrilgo Alcala-Meco kartzelan, eta abenduaren 16an baldintzapeko askatasunean utzi zuten fidantzarik ordaindu gabe. Epaiketa horretan auzipetutako hiru lagunen ahozko bista joan den maiatzaren 24ean egin zen, eta joan den ortziralean abokatuei erabakiaren berri eman zien auzitegi nazionalak, Zaineren kasuan, urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra ETArekin kolaboratzeko saiakera egiteagatik. Askatasunak adierazi duenez prentsa ohar baten bidez, auzi huntan inkomunikazioan jasotako adierazpenak erabili ditu auzitegi nazionalak, hiru atxilotuek egun horietan tratu txarrak eta torturak salatu dituztelarik.

Heldu diren egun hauetan, fiskaltzak helegitea jartzeko aukera izanen du. Hala ez badu egiten erabakia behin betikoa eginen litzateke. Orduan, defentsak Zaineri zigorra betetzeko gelditzen zaizkion 6 hilabeteak bertan behera uztea eskatzen ahalko du, Espainiako legearen arabera, bi urte baino guttiagoko zigorretan kartzelatzea ala ez epaileek erabakitzen baitute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun