Heldu den ikasturteko matrikulazio kanpaina astelehenean hasiko da Lesakako Udal Musika Eskolan. Izena emateko edo matrikulazioan moldaketak egiteko epe ezberdinak irekiko dituzte. Bestalde, ohi denez azken orduko matrikulazioak egiteko aukera eskainiko da irailean.
Matrikulazioan baja edo moldaketak egin nahi dituztenek musika eskolari jakinarazi beharko diote, ekainaren 11 eta 18aren arteko epean. Musika eskola utzi nahi dutenek, eskolara deitu beharko dute, eta matrikulazioa aldatu nahi dutenek dagozkien tramiteak bete, adibidez, ganbara musikan, musika tresna taldean, informatika musikalean edo armonian parte hartzeko, edo bigarren instrumentu baten aukeratzeko. Aldaketaren berri ez bada ematen aitzineko urteko matrikulazioa automatikoki onartuko da.
Bestalde, ikasle berriek eta instrumentua aukeratu behar duten Musika eta Mugimenduetako II. klaseko ikasleek, ekainaren 25etik uztailaren 2a arte izanen dute izena emateko, edo kasuaren arabera, zer instrumentu hautatu duten jakinarazteko. Helduen tailerretan parte hartu nahi dutenek, hala nola, informatika musikalean edo armonian parte hartu nahi dutenek, epe horretan ere jakinarazi beharko dute. Urtero bezala izena emateko bertze epe bat irekiko da irailean, 10etik 14era, baina aurten instrumentu guzien eskaintza mugatua izanen delako ekainean apuntatzea aholkatzen dute Musika eskolatik.
Baja, moldaketa edo matrikulazioei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero 618 264 659 telefono zenbakira dei daiteke goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:00ak arte.