Lesakako taldeak ezin izan du GR12 Bertso Bidea txapelketaren finalerdietarako sailkatu. Zegokion multzoan jokatutako azken norgehiagokan Zarauztarrak Hernanin nagusitu ziren, eta bidenabar finalerdietarako txartela eskuratu zuten.
Gure eskualdeko taldeak hasieratik bazekien txapelketan aitzinera egitea zaila eginen zitzaiola, sailkatzeko ligaxkan Hernani eta Zarautz tokatu baitzitzaien. Hala ere etxean jokatutako norgehiagokan ongi aritu zen eta bietan nagusituz 4 puntu lortu zituen. Kanpoko bietan aldiz, ezin izan zuen garaipenik lortu, eta 2 puntu baizik ez zituen jaso. Beraz 6 punturekin bertze bien arteko norgehiagokek erabakiko zuten lesakarren etorkizuna. Berdintzen bazuten garaipen banarekin gure eskualdeko taldeak sailkatzeko aukera izanen zuen markagailuen aldeen arabera, baina zoritxarrez ez zen hala gertatu. Bietan Zarauztarrak izan ziren nagusi. Hortaz ligaxkan hiru garaipen eta galtze baten ondotik 7 puntu eskuratuta lehen postua eta finalerdietarako txartela zarauztarrentzat izan zen, bigarrena lesakarrentzat eta hirugarrena Hernaniarrentzat.
Gainerako multzoetan, Zumaia eta Oiartzungo taldeek ere lortu dute finalerdietarako txartela, eta azken multzoan Azpeitia eta Mallabiaren arteko norgehiagoka jokatzekoa da oraindik.
Gure eskualdeko ordezkariek finalerdietan ez badira egonen ere, hauetariko bat Lesakan jokatuko da eguna oraindik zehaztekoa dagoelarik. Bertzea Lasarten izanen da eta finala berriz Zarautzen.