Ekoberako 3. edizioan 25 bat ekoizle bilduko dira

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 1a

Aurtengo egitarauan erakustaldiek tarte zabala izanen dute, sagardo egitea, arto ehotzea eta belar meta baten egitea bertzeak bertze

Ekobera, III. aldiz egiten den produktu ekologikoen feria ekainaren 9an eginen da Berako Altzateko plazan. Bezperan, egitaraua aberasteko asmotan, hitzaldi bat, ardo dastatzea eta omenaldia eginen dira herriko Kultur Etxean. Jakinarazi dutenez, ekitaldi hauekin eskualdeko produktu ekologikoak ezagutarazi nahi dituzte antolatzaileek.

Aurten beraz, Berako Udalak, Cederna-Garalur, Nafarroako Nekazaritza Ekologikoaren Produkzioaren Kontseilua, eta Berako abeltzain eta nekazari ekologikoen laguntzarekin antolatzen duen hitzordua bi egunez iraganen da. Ortziral arratsaldeko 19:00etatik aitzinera elikadura ekologikoari buruzko hitzaldia eskainiko da Kultur Etxean, eta ondotik ardo ekologikoen dastatzea eginen da. Bukatzeko, lehen aldikoz herriko pertsona baten omentzea erabaki dute, eta aurten Donato Larretxea aizkolaria izanen da. Sortzez aranztarra bada ere, urte anitz daramatza herrian, eta gainera, feriaren antolakuntzan laguntzen du.

Biharamunean, aitzineko bi urteetan bezala feria eginen da Altzateko plazan, edo pilotalekuan euria egiten badu. Iaz bezala, Nafarroa, Gipuzkoa, Xiberoa, Behe Nafarroa eta Lapurditik etorritako 25 bat ekoizlek haien postuak paratuko dituzte. Hortaz guztiz naturalki eginak edo ekoiztuak diren haragiak, barazkiak, fruituak, gasnak eta taloak bertzeak bertze erosten ahalko dira bertan. Ingurumenaren zaintzarekin bat egiten duten energia garbien postu batzuk ere paratuko dituzte, hala nola, argi indarra egiteko panelenak edo euritako urak berreskuratzeko sistemenak. Bestalde, ardi moztearen erakustaldia ohikoa bihurtu bada, aurtengo edizioan bertze franko prestatu dituzte, tartean, sagardo egitea, artoaren ehotzea eta belar meta baten egitea. Haurrak ere ez dituzte ahantzi eta nahi izanez gero ibilaldiak egiten ahalko dituzte zaldiz, edo taloen egiteko tailerrean parte hartzen ahalko.

Berako udaberriko hitz ordu nagusietariko bat bilakatu den feria iragartzeko, antolatzaileek kartel lehiaketa antolatu zuten baita egitarauaren azalean agertuko zen marrazkirako ere. Guztira Berako 3 ikastetxeetako 87 marrazki aurkeztu ziren, eta hauen artean, antolatzaileek Jesusen Bihotzeko Garbiñe Otxotekoarena hautatu zuten kartelerako, eta egitarauaren azalerako, ikastetxe bereko, Jaione Bertizena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun