Eskalada eta orientazio ikastaroak prestatu ditu Larrun mendi taldeak

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 29a

Bi egun iraunen duten ikastaroetan oinarrizkoak diren ezagutzak erakatsiko dituzte

Larrun Mendi taldeak haitz eskalada eta orientazio ikastaroak antolatu ditu heldu den uztailerako. Bi egunez, parte hartzaileek kirol hauetan aritzeko oinarrizkoak diren ezagutzak ikasiko dituzte.

Haitz eskaladan lehen urratsen emateko beharrezkoak diren ezagutzak ikasiko dituzte Oiartzungo Rokodromoan, eta ondotik erabiliko Pasaiako haitzetan praktikatuz. Ikastaro hau uztailaren 3 eta 4an iraganen da goizeko 9:00etatik 13:00ak arte, baina nahi izanez gero arratsaldera pasa daiteke. Prezioa taldekide kopuruaren arabera izanen da baina gutti gorabehera 20 eurokoa izan beharko litzateke antolatzaileen arabera.

Orientazio ikastaroa, uztailaren 10 eta 11n izanen da, edo bestenaz ondoko bi larunbatetan, 14ean eta 21ean. Hasiera batean, mapen sinbologia eta ipar orratzaren erabilera erakatsiko dituzte, eta ondotik parte hartzaileek praktikan eman beharko dituzte ingurune ez ezagun batean prestatutako ibilbidea gauzatuz. Hauek ere 4 orduko ikastaroak izanen dira goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:00ak arte. Hunen prezioa ere parte hartzaileen kopuruaren arabera izanen da baina antolatzaileek jakinarazi dutenez 20 eurokoa izanen da gehienez.

Parte hartzaileak taldeka banatuko dituzte adinaren arabera. Hamabi eta hamalau urte bitartekoekin talde bat osatuko da, bertze bat 15 eta 18 urteko bitartekoekin, eta azkena 18 urte baino gehiagokoekin. Izena emateko epea ekainaren 1ean hasiko da, eta interesatuak daudenek 20 arte izanen dute haien izena emateko 012 telefono zenbakira deituz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun