Irantzu Pastorrek egin du San Ferminen kartela

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 29a

Egitarauaren azalean ere bere lan bat agertuko da, eta kontra azalean Paola Oskozena

Iranzu Pastorrek egindako kartelak iragarriko ditu hemendik hilabete pasatxora hasiko diren Lesakako San Ferminak. Besten egitarauaren azalean agertuko den obra ere berea izanen da, eta kontra azalean berriz Paola Oskozena.

Kartel lehiaketan 3 lan aurkeztu ziren, eta hauen artean Irantzu Pastorrena hautatu zuen herriko Kultur Batzordeak osatutako epaimahaiak. Bartzelonan Arte Ederrak ikasten dituen Lesakar gazteak 5. aldikoz segidan irabazi du lehiaketa. Gisa berean besten egitarauaren azalerako lehiaketan aurkeztu ziren 10 obren artean ere Irantzuren lan bat aukeratu zuten, Jota Dantza izenekoa. Bi lan hauei esker 1000 euroko saria eskuratuko du 500 kartelarengatik eta bertze 500 azalarengatik. Aurreikusia ez bazen ere, egitarauaren azalerako lehiaketan aipamen berezi bat ematea erabaki zuen epaimahaiak. Hau Izaskun Obesorentzat izan zen Txistulariak izeneko lanarengatik, eta horri esker 250 euro eskuratuko ditu.

Aurten, haurrei zuzendutako lehiaketa ere antolatu zuten irabazlearen lana egitarauaren kontra azalean agertuko delarik. Aurkeztu ziren 95 lanen artean, Paola Oskozen marrazkia hautatu zuen epaimahaiak, eta bi aipamen berezi ere eman zituen, lehena Maite Odriozolari, eta bigarrena Mikel Leizari. Sariei dagokionez Paolak 300 euroko balea irabazi du Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko, eta bertze biek 100 euroko balea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun