Abesbatza bere 25. urteurrena ospatzen hasiko da ekainaren 2an

Aitor AROTZENA 2007ko mai. 31a, 16:47

Emanaldia eskainiko du elizan Oñati eta Burlatako San Blas koralekin

Jakina da herrian musikarekin zaletasun handia dela eta herriko musika taldeak ospakizunetan murgilduak dabiltza azken aldian. Berriki, musika bandak bere 150. urteurrena ospatu zuen, urte kopuru horrek merezi zuen modu handian. Orain abesbatzaren txanda da. Aurten 25 urte bete ditu koralak, 1982an sortu baitzen, Maximo Hernandorena erretorearen ekimenez. Alde batetik, liturgietan fededun talde bat (emakumezkoak batez ere) kantari parte hartzeko beharra somatzen zen. Bertzetik, gizon talde bat zortzikote bat sortzeko asmoz eta abesbatzen topaketa batean parte hartzeko asmoarekin maiz elkartzen zen. Santa Zezilia besta gertu izanik eta eliz abesbatza baten beharra ikusirik, bi talde hauek elkartu ziren bilera baten ondorioz eta Guillermo Agara izendatu zuten zuzendari.

Hogeita bortz urte pasatu dira eta eliz abesbatza bezala sortu zena, Lesakako abesbatza bihurtu zen. Gaur egun 26 ahots ditu, baina bertze 150 lagunei esker eutsi diote urte hauetan. Hauek guziak eta batez ere bultzatzaile izan ziren Maximo Hernandorena eta Guillermo Agara zirenak gogoan izanen dituzte ospakizunetan.

25. urteurreneko lehenbiziko ekitaldia larunbat honetan, ekainak 2, eginen da. 20:00etatik aitzinera San Martin parrokian kontzertua eskainiko dute Imanol Muruak zuzentzen duen Oñatiko abesbatzak, Miguel Irisarrik zuzentzen duen Burlatako San Blas abesbatzak eta Marisol Perezek zuzentzen duen Lesakako abesbatzak. Lehenbiziko zatian Aita Madinaren Poema Arantzazu eskainiko dute eta bigarren zatian Hilarion Eslavaren Jesus Dulcis Memoria eta Tu es petrus eta Aldaveren Agur Jauna.

Esteban Irusta izanen da organista, Maria Dolores Ordoki sopranoa, Juan Miguel Ordoki tenorra eta Imanol Murua baritonoa izanen dira bakarlariak eta Miguel Irisarri zuzendari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun