Igandean ospatuko diren udal hauteskundeak direla eta, Lesakako EHE taldeak aurkeztu diren zerrendei haien programetan euskararen aldeko hizkuntza politika oso eta eraginkorra abian jar dezaten eskatu zieten neurri zehatz batzuk proposatuz. Alderdi ezberdinen programak aztertu ondotik, haien balorazio plazaratzeko herritarrek botoa eman baino lehen, taldearen izenean Igor Portu eta Gotzone Rekondok prentsaurrekoa eman zuten ortzegun arratsaldean.
Alderdiei bidalitako gutunean, alde batetik zerrendetako hautagai guziak euskaldunak izatea eskatu zitzaien, eta bertze aldetik, euskara ofiziala eta lehentasunezkoa izendatzea, normalizazio planak egitea, beharrezko baliabideak eskaintzea, eta udal ordenantza baten bidez hizkuntza arauak ezartzea.
Plazaratutako idatzizko programen arabera egin duten balorazioa egin zuten euskararen aldeko bi kideek. Hautagai guziak euskaldunak izateari zegozkion eskaerari buruz balorazio nahiko ona egin zuten %80ean errespetatua izan zelako.
Bigarren puntuari dagokionez, hizkuntza politika oso baten proposamena eta neurri zehatzak plantatzeari zegokiona, balorazio ezberdinak egin zituzten alderdien arabera. Ziotenez, bere programan euskara kanpoan utzita, utzikeria, erantzukizun falta eta hizkuntzarekiko sentsibilitate falta demostratu du EAJk. EAren programaren inguruan haien irudiko babes osoa eskaintzea ez zela aski adierazi zituen eta neurri zehatzagoak aurkeztu behar zirela. EAEren apustua, aurkeztu diren alderdien artean egokiena iruditu zitzaien azpimarratuz ofizialtasuna aipatu duen aukera bakarra dela. Azkenik Onin udal taldearen proposamena baikortzat jo zuten baina zehaztasun eskasa azpimarratu zuten hartu beharreko neurrietan.