Mendi Lasterketen Munduko Kopa joan den igandean hasi zen Kataluniako Pirinioetan jokatutako Bergako Maratoian. Fernando Etxegarai Beratarra Euskal Selekzioarekin aritu zen, eta emaitza oso ona lortu zuen, 3. postua hain zuzen.
Mendi lasterketen denboraldia duela hilabete batzuk hasi zen, baina hemendik aitzinera jokatuko dira hitz ordu nagusiak. Munduko Kopako lehen proban, Raul Garcia nagusitu zen 42km eta 6.000mko desnibela zuen lasterketa 4 ordu eta 18 minututan bukatuz. Helmugaratu zen bigarrena Tofol Castanyer izan zen. Hunek bertze 3 minutu behar izan zituen. Gure eskualdeko ordezkari bakarra Fernando Etxegarai sasoi bete-betean dagoela erakutsi zuen podiumeko hirugarren eskailerara igoz 4 ordu eta 25 minutuko denborarekin.
Hiru ehun lasterkari abiatu ziren tartean Euskal Selekzioko ordezkariak zirelarik. Emaitza ona lortu zuten Fernando Etxegarai ez ezik, Ionut Zinka, eta Jose Felipe Larrazabal lehen hamarretan sartu baitziren 4 ordu eta 38 minutu, eta 4 ordu eta 51 minutuko denborekin hurrenez hurren.