Bihar eskainiko diren antzezlanekin bukatuko da aurtengo Mugazgain

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 24a

Aurten ere eskolan landutako lanen eskaintzeko aukera paregabea izan dute eskualdeko ikasleek

Berako Kultur Etxean ospatzen den XIII. Mugazgain, haurrentzako jaialdia, azken txanpan sartu da. Ohi bezala hitz ordu horren azken bi egunetan eskualdeko gazteak dira antzezlanen protagonista nagusiak, Labiaga ikastola, Tantirumairu ikastola, Rikardo Baroja ikastetxe, Jesusen Bihotzeko ikastetxe eta Igantziko eskolako ikasleak hain zuzen ere.

Ortzegunean oholtzara igo ziren lehenak Labiaga ikastolako 5. mailakoak izan ziren, Xuri Beltz izeneko antzezlana eskaintzeko. Gazteak badira ere gai serioa aukeratu zuten, Gernikako bonbardaketa eta horri buruz Picassok egindako margoa. Hauek mundu osoan ezagutua den obra irudikatu zuten. Ondotik Tantirumairu ikastolako lehen eta 4. maila bitarteko haurrek hartu zuten lekukoa. Lesakarrek mitologian oinarritutako antzezlana eskaini zuten errege baten eta bere oinordearen istorioa. Odolezko oinorderik ez izaki zahartzen ari zen erregeak bere lekua hartuko zuen gizona aukeratu behar zuen, baina hori baino lehen era anitzetako probak eginarazi zizkion. Arratsaldean Rikardo Baroja ikastetxeko 5. eta 6. mailako ikasleen txanda izan zen. Hauek mezu bat zekartzan botila aurkitu zuten, eta abentura hortik abiatu zen. mezuak zer dio? Itsaspean norbaitek laguntza behar al du?

Ortziralean, goiz eta arratsaldez bertze hiru emanaldi eskainiko dira. Hamarretatik aitzinera Jesusen Bihotzeko ikastetxeko 1. eta 2. mailako haurrek basoan bisitatxo baten egitera gomitatuko gaituzte hunek dituen misterioak ezagutzeko. Ondotik, eguerdiko 12:00etan Igantziko eskolako 2. eta 3. mailako haurrek haien herria ezagutaraziko dute haien aitatxi eta amatxiengandik aditu dituzten lehengo istorioen bitartez. Azken emanaldia arratsaldeko 15:00etan izanen da Rikardo Baroja ikastetxeko 1. eta 2. mailako ikasleen eskutik. Tren txiki batean gertatzen ahal diren hainbat eratako istorio ttikiak kontatuko dituzte.

Egunez eskaintzen diren antzezlanak bertze ikasleei zuzenduak badira ere, ortziral arratsaldean, Rikardo Baroja eta Jesusen Bihotzeko haurrek haien antzezlanak bigarren aldiz eskainiko dituzte arratsaldeko 18:30etik, ateak publiko zabalari irekiak izanen direlarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun