Zalaingo Condesako langileek 24 orduko geldialdia egin dute

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 23a

Urtean zortzi egun gehitzearen baldintzan langileek eta zuzendaritzak ez dute amor eman nahi

Hitzarmen berria adosteko Zalaingo Condesa enpresako zuzendaritzak duen jarrera salatzeko horko langileek 24 orduko geldialdia egin dute asteazkenean. Horretaz gain dituzten aldarrikapenak plazaratzeko 40 bat langilek manifestazioa egin zuten Lesakako karriketan barna.

Urte bat eta 23 bileraren ondotik Zalaingo Condesa enpresako langileek eta zuzendaritzak ez dute adostasunik lortu hitzarmen berria sinatzeko. Zuzendaritzak hitzarmen berria onartzeko urtean bertze 8 lan egun gehitzea eskatzen du, baina langileen batzarrak ez du horrelakorik nahi. Hortaz,joan den maiatzaren 17an egindako batzarrean LAB sindikatuak 24 orduko geldialdiaren proposamena egin zuen, eta sekretuan bozkatu ondotik langileen batzarraren gehiengoak mobilizatzea erabaki zuen. Asteazkenean Lesakako Karriketan manifestazioa egin ondotik, Enpresa Komiteak onartutako idatzia ozen irakurri zuten erranez zuzendaritza mehatxuka zebilela, ordu gehiago horiek ez baziren onartzen lantegia hestera zihoala, eta egun bateko lan geldialdiak eginez lantegia hilzori motelean jartzen zutela.

Zalaingo lantegia Condesak hartu zuenetik 150 lanpostu murriztu ditu lantaldea 487 lagunetik 328 lagunera pasatuz. Gainera, zenbait ekoizpen, taldeko bertze lantegietara desbideratu dituzte. Hala ere Fermin Altzugarai enpresa komiteko presidenteak irakurketa baikorra egiten du. Goiz ala berant hitzarmena lortuko da, eta enpresaren etorkizunari begira, azkenaldian inbertsioak egin dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun