Hernaniren aurka galdu badute ere, sailkatzeko aukerak badituzte lesakarrek

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 23a

Finalerdietara pasatzen diren ala ez jakiteko Hernani eta Zarautzen arteko norgehiagokaren zain egon beharko dute

GR12 Bertso Bidea txapelketan, Lesakako taldea Hernaniren aurka aritu zen joan den ortziralean, baina etxetik kanpo nagusitzea ez zuten lortu. Hala ere puntuaketa zainduz finalerdietako sailkatzeko aukerak gorde zituen Iosu Sanjurjo, Iñigo Olaetxea eta Julen Zelaietak osatzen zuten taldeak.

Guttigatik bada ere, 8 eta 12 galdu zuten lesakarrek, eta orain beraz, Hernani eta Zarautzen arteko norgehiagokaren emaitzaren zain egon beharko dute finalerdietarako txartela lortzen duten ala ez jakiteko. Gipuzkoako bi taldeak elkarren aurka arituko dira heldu den ortziralean, maiatzaren 25ean. Zarauztarrek irabazten badute hauek dira finalerdira pasako, baina galtzen badute, multzoko hiru taldeak 6 punturekin berdinduta geldituko dira, eta orduan, aurka eta aldeko botoek erabakiko dute lehen postua. Kasu horretan, Lesakako taldea sailkatuko litzateke, hernaniarrek 8 boto baino gehiagoko, eta 24 boto baino guttiagoko aldearekin irabaziko balute. Aldea 8 boto baino ttikiagoa bada, Zarautzeko taldea sailkatuko litzateke, eta 24 baino handiagoa bada Herrnanikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun