Euriak mehatxatu zuen baina Gazte Egunak aitzinera segitu zuen

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 22a

Goizean antolatutako tailerrek arrakasta polita izan zuten

Eguzkirik ez zuten ikusi, baina eguraldi idorrak ilundu arte iraun zuen eta eguneko ekitaldiak arazorik gabe iragan ziren. “Gazteok elkartuz, herria bultzatu” lelopean antolatu zuten Gazte Egunean lesakar gazte andana bat parte hartu zuen egunean antolatuan ziren tailer, bazkari eta kontzertuan.

Goizean, tailerrak antolatu zituzten, alde batetik txalaparta eta kirikoketarena, eta bertze aldetik, adierazpen artistikoarena. Bietan hurbildutako jendea gogotik aritu zen, eta Plaza Zaharretik paseatzen ibili ziren herritarrak obrak ikusi edo perkusioak entzun ahal izan zituzten. Eguerdiko 12:00etan, tailerrak hetsi zituzten, eta nahi zutenek Matxinbeltzenean jokatzen zen Nafarroako Eskolarteko Bertso txapelketaren finala entzutera joan ahal izan ziren. Eguerdiko 14:00etatik aitzinera berriz ere Plaza Zaharrean bildu ziren denak batera bazkaltzeko. Arratsaldean kontzertuak hasi baino lehen, triki-poteoan ibili ziren, eta ilunabarrean, kontzertuen txanda izan zen, Ataka, Akatu Habeas Corpus eta Anestesia. Euri tanta batzuk erori baziren ere, ez zuten musika emanaldia galarazi. Bertze urte batez Lesakako Gazte Eguna arazorik gabe iragan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun