Aitzineko egunetan Onin Udal taldeak eta EAJk haien programa aurkeztu zuten bezala astelehenean EAren txanda izan zen. Zerrendako kideak ondoan zituela alkate-gaia den Koldo Erkiziak hartu zuen hitza. Aurkako zerrenden antzera, lan mundua, etxebizitza eta lesakarren ongi izaterako azpiegiturak izan zituen aipagai nagusiak.
Industria eta eskualdean dagoen lan eskaintza aipatuz hasi zuen prentsaurrekoa, eta horretarako Luberrondoko mazala industrigunea bihurtzeko lehentasunari buruz aritu zen. Gisa berean, proiektu honekin bat egiten duen herriko saihesbidearen bigarren fasea ere aipatu zuen. Lesakako EAko kideak zioenez bi proiektu horiek azken hilabeteetan aitzinera egin dute Nafarroako Parlamentuan EAk duen taldeari esker.
Industria alde batera utziz, EAko alkate-gaiak osasunaren arloari buruz hitz egin zuen, eta haien irudiko Andramari zahar-etxea eta osasun zentroak handitu behar zirela aipatu. Nekazaritza eta mendiak ez zituen ahantzi, eta, EAk aurkeztu duen programaren arabera, pistak eta bideak moldatzen segituko dute, baina denen iritzia kontuan hartu ahal izateko arlo horri buruzko batzordea eratu nahi dutela adierazi zuen zerrenda buruak.
Alkate-gaiak aipatu zuen ondoko gaia etxebizitzarena izan zen, eta hauen kontrolatzeko beharra azpimarratu zuen. Koldo Erkiziak zioenez, “etxebizitzak eraiki beharko dira lesakarren eskaeraren arabera. Segurtatu behar dugu hemendik 10 urteren buruan babes ofizialeko etxebizitzak izanen ditugula herritarrentzat”.
Gai potoloenak gibelean utziz, ttikiagoak direnei buruz aritu zen. EAko kideak garraio publikoa garatzean alde eginen dutela jakinarazi zuen herrian autobus geltoki gehiago paratuz eta ahal den neurrian autobus gehiago ekarraraziz. Gisa berean, Agenda 21eko balantzean bildu izan den bezala, Bortzirietako herrien artean mugikortasuna hobetu nahi zutela adierazi zuen. Aisialdietarako erabiliko diren azpiegitura batzuen proiektuak ere aipatu zituen, hala nola Bihurrarena eta Bereauen arteko bide naturala edo Txakainen egin nahi duten pausatzeko lekua. Prentsaurrekoa kultura eta euskararen arloak aipatuz bukatu zuten. Azken huntan zerrenda buruak argi utzi nahi izan zuen bere alderditik ahal egin guziak eginen dituztela honen bultzatzeko. Kulturari begira berriz, Kultur Etxea aipatu zuen, eta idatzita dagoen proiektua ongi zegoela erran eta Iruñatik dirulaguntza gehiago izatea beharrezkoa zela adierazi zuen.