Udal hauteskundeetarako 10 bat egun gelditzen zirela, legealdi huntan Lesakako udaleko oposizioan egon den Onin taldeak heldu diren lau urteetarako prestatu duen programa jendaurrean aurkeztu zuen pasa den ortziral arratsaldean. Etxebizitza, hirigintza eta herritarrentzako azpiegiturak eta zerbitzuak aipatu zituzten nagusiki.
Deñe Abuin alkategaiak, iraunkortasunaren apustua egiten duen eredu integratzaile eta parte hartzailea osatu nahi izan zutela adierazi zuen eta herritar guzien iritzia jaso ahal izateko auzo guzietako norbait izatea saiatu zirela.
Gure eskualdean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den etxebizitzaren gaia aipatuz hasi ziren. Horretarako, zerrendan 2. dagoen Fermin Altzugaraiek hartu zuen hitza. Arlo horretan eramaten ari diren proiektuak gogoarazi zituen Landa Zelaian egin daitezken 340 pisuak eta Alkaiagan egiten ari diren 46 etxebizitza bakarreko etxeak aipatuz. Aparkaleku eskasari eta trafiko arazoari konponbidea bideratzeko beharrak ere ez zituzten ahantzi. Gisa berean mugikortasuna hobetzen saiatuko direla hitz eman zuten, autobusen edo mikrobusen eskaintzak garatuz edo sortuz. Ingurumena zaintzeko garrantzia azpimarratu zuten baita zabortegiaren arazoa konpontzeko beharra.
Azken lau urteetan zer erran anitz eman duen Kultur Etxeari buruz aritu zen Deñe Abuin. Zioenez egia da Iruñatik dirulaguntza aski ez dela ailegatu baina bere ustez gehiago saiatu behar zen. Azken lau urteetan belaien esku egon diren, kultur eta ongi izate batzordeei buruz balantze ona egin zuten. Diotenez, arlo horietan aitzinera egin dute, kultur ekitaldietarako azpiegitura garatuz eta Musika Eskolaren baldintzak hobetuz. Andra Mari Zahar-etxeari dagokionez, haien ustez ongi lan egin dute baina oraindik gehiago egin daiteke zerbitzuari errentagarritasun gehiago emanez, jangela zerbitzua eskainiz eta eguneko zerbitzua proposatuz.
Onin Taldeko kideek behin eta berriz oroitarazi zuten eredu parte hartzailea bultzatu nahi dutela eta garapen ekonomikoan ere gauza bera egin nahi dute horretaz arituko den batzordea sortuz. Bukatzean, programa alde batera utziz, Fermin Altzugaraiek, azpimarratu nahi izan zuen Onin taldean duten politikarako filosofia. Erran zuenez gaur egun dagoenaren guztiz kontrakoa da.