Heldu den udal hauteskundeari begira prestatu duten programaren berri emateko Lesakako EAJko zerrendako kideek prentsaurrekoa eskaini zuten ortziral eguerdian herriko Batzokian. Haiekin zegoen ere Nafarroako alderdiko presidentea Jose Angel Agirrebengoa.
Gaur egungo alkatea den Juan Fermin Mitxelenari hitza utzi baino lehen EAJko Nafarroako presidenteak esperientzia eta gaztetasuna kontuan hartzen dituen zerrenda osatzen saiatu zirela adierazi zuen lesakarren ongi izatearen alde eta iraunkortasunaren alde lan egiteko. Heldu diren lau urterentzat dituzten proiektuak aipatu baino lehen, bigarren aldikoz alkate-gaia den Juan Fermin Mitxelenak bukatzera doan legealdiari buruz hitz egin zuen egin dituzten lanak oroitaraziz eta bidenabar balantzea eginez. Lesakako alkatearen ustez hitz eman zituzten proiektu gehienak bete dituzte, baina hala ere aitortu zuen Kultur Etxearena bidean gelditu zela bere ustez Nafarroako Gobernuko Kultur sailaren erruz. Dena den atzeratu besterik ez zela zioen. Lau urte horietan burutako proiektuei begira, web orria, erdi gunearen egokitzea espaloiekin eta karriken argitzearekin, mendiko bideak eta pistak, eta zuhaitz landaketak aipatu zituen bertzeak bertze. Etxebizitzei dagokienez egindakoa ere ez zuen ahaztu. Balantzearekin bukatzeko, laster bukatua izanen den igerilekua ere aipatu zuen azpimarratuz kanpokoa ekaineko prest izanen dela eta estalitakoa urrirako.
Legealdi berriari begira berriz, hauxe izan ziren Juan Fermin Mitxelenak aipatu zituen gai nagusiak, etxebizitza, industria eta zerbitzu publikoak. Lehenari dagokionez, Landa Zelaian diren proiektuak izen zituen aipagai. Heldu den urteetan 100 bat etxebizitza egin nahi dituzte %10a lesakarrentzat segurtatuak izanen delarik. Aurreikusten dituen proiektu berrien artean 0 eta 3 urteko arteko haurtzaindegi baten sortzea hitz egin zuen alkateak. Gisa berean, Kultur Etxearen proiektua ezin izan badute nahi den bezala burura eraman ez dute baztertzen, eta bertze era bateko finantzazioak aurkitu eta gero horrekin bukatzea pentsatzen dute. Bestalde zehaztasun gehiegi ez bazituen eman ere, musika eskola, ikastola eta aparkalekuen arazoari aurre eginen liokeen proiektua aipatu zuen. Bukatzeko industriarako lurren arazoa konpontzeko haiek bultzatuko luketen politikari buruz aritu zen. Luberrondoko industrigunea bihurtu nahi dute eta horretarako beharrezkoa den saihesbidea bukatzeko ahaleginak eginen dituztela zioen. Hori lotuta, Alkaiagako harrobiaren aukera hor zegoela gainditu zuen.