Igantzi eta Lesakako azpiegitura batzuetan egin beharreko berritzeak finantzatzeko 443.000 euroko dirulaguntza onartu du Tokiko Administrazioko Sailak. Igantzin, berritzen ari diren Herriko Etxeko zureria aldatzeko erabiliko da eta Lesakan ur beltzen sarea berritzeko.
Igantziko Herriko Etxea berritzearen kasuan, dirulaguntza dagoeneko onartu zen duela hilabete batzuk, baina hasiera batean proiektuak lehengo zureria gordetzea aurreikusten bazuen ere azkenean aldatu behar zela ohartu ziren. Hortaz udalak 54.000 euroko bertze inbertsio bat egin behar izan du. Azken hau da Tokiko Administrazio Sailak diruz lagunduko duena 29.000 eurorekin.
Lesakako Udalak 414.000 euroko laguntza jasoko du, saneamenduko eta ur beltzen sarean egin beharreko lanak finantzatzeko. Aurreikusi diren obrek 901.000 euroko aurrekontua dute lau proiektutan banatuta. Otsango auzoko hegoaldeko mazelako saneamenduan egin beharreko lanek 266.000 euroko kostua izanen du, eta Nafarroako Gobernutik jasoko den laguntza 95.000 eurokoa izanen da. Bestalde, Nabaz auzoko ur beltzen sarea eraikitzeko 269.000 euro inbertituko dira laguntza 138.000 eurokoa izanen direlarik. Azken bi proiektuak Onin errekako bi aldeetako saneamendu sarean egin beharreko lanak dira. Ezkerreko aldekoak 190.000 euroko aurrekontua du eta eskuinaldekoa 176.000 eurokoa, lehenean laguntza 96.000 eurokoa izanen delarik eta bigarrenean 85.000 eurokoa.