GR12 Bertso Bidea txapelketako bi jardunaldi jokatu zituen asteburuan Lesakako taldeak, eta ez zuen hutsik egin biak irabazi baitzituen. Hala ere, finalerdietako txartela eskuratu nahi badute emaitza ona lortu beharko dute heldu den ortziralean etxetik kanpo jokatuko duten Hernaniren aurkako norgehiagokan.
Ortziral arratsean, Iosu Sanjurjo, Iñigo Olaetxea eta Julen Zelaieta Zarauzko taldeko bertsolarien aurka neurtu ziren, eta garaipena 10 eta 5 eskuratu zuten Lindduren Bordan jokatutako saioan. Biharamunean, Ioar Tainta, Erika Lagoma eta Etxabe izan ziren Lesakako taldeko ordezkariak eta hauek Hernaniarren aurka aritu ziren Atxaspi ostatuan. Bezperan bezala garaipena lortu zuten, baina alde handiagoarekin, 16 eta 3.
Txapelketa hasierako ligaxka bukatzeko jardunaldi bat falta zaiolarik Lesakako taldea E multzoko lehen postuan dago Zarauzko taldearekin 5 puntutan berdinduta, baina botoetan Gipuzkoako taldeak irabazten dio momentuz. Biak Hernaniren aurka aritu behar dira etxetik kanpo. Alazne Untxalo, Etxabe eta Julen Zelaieta izanen dira Hernanira joanen direnak heldu den ortziralean bertako taldearen aurka neurtzeko arratsaldeko 23:00etan Karbonera Gunean.