Ekainaren 10ean sinatuko dute Bera Endarlatsaren arteko lanen hasiera

ttipi-ttapa 2007ko mai. 15a, 19:04

Doneztebeko Mariezkurrena enpresak eginen ditu 16 milioiren truke

Gure eskualdeko ardatz nagusia den N-121-A errepidearen berritzeko aurkeztekoa eta adjudikatzekoa zen Bera eta Endarlatsaren arteko zatiari buruzko zehaztasunak eman ditu asteartean Alvaro Mirandak Herri Lan, Garraio eta Komunikabideen Saileko kontseilariak. Jakinarazi dutenez lanek irauten duten bitartean trafikoa kudeatzeko aparteko neurririk ez dute aurreikusi. Berako Herriko Etxean egindako aurkezpenean eskualdeko hainbat zinegotzi bildu ziren.

Bera eta Endarlatsaren arteko errepideko lanak Doneztebeko Mariezkurrena enpresak eginen ditu 16 milioiren truke, hasierako prezioa baino %12,5 merkeago. Lanen hasiera ekainaren 10ean sinatuko dute eta hortik aitzinera enpresa nahi duenean hasten ahalko da. Beti ere jakinez 2009ko ekainaren 30erako bukatuak egon beharko dutela. Zati honek 2,5km ditu gaur egungo gasolindegia eta zubiaren artean. Errepide berriak hiru karril izanen ditu bi karrilekoa Berako norabidean izanen delarik. Tarte horretan eginen diren azpiegitura nagusiak udaleko hirigintza planean aurreikusia den industrigune berriaren proiektuarentzako lotunea, eta Villanuevako bihurgunea leuntzeko eraikiko diren bi zubiak izanen dira.

Prentsaurrekoa bukatu bezain laster, udaleko bi ordezkarirekin egoteko aukera izan dugu. EA taldeko Helena Santesteban alkateak erran digunez kontent dago hemendik guttira lanak hasiko direlako. Hala ere kezkatua dago trafikoa kudeatzeko ez dutelako neurririk aurreikusi eta bere ustez Berako erdiguneak Gipuzkoa aldera joateko saihesbidea bihurtzeko arriskua badu. Aralarko Jon Abril alkate ordeak Helenak dituen kezkekin bat egiten du. Bere ustez hemendik urte batzuen buruan errepidea handitzeko aukerak aurreikusi behar ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun