Bihar hasiko da Patxi Vilarentzat denboraldiko hitz-ordu nagusienetariko bat izanen den Giroa, Italiako Itzulia. Damiano Cunego talde kidea laguntzea izan da txirrindulari beratarraren bete beharra, baina Ttipi Ttapari adierazi zioenez lasterketak hartzen duen itxuraren arabera etaparen bat gustura irabaziko luke.
Hiru aste iraunen dituen urteko lehen proba da, larunbatean hasi eta ekainaren 3an bukatuko da Milanen. Patxik 6 aldiz parte hartu du, eta aldi guzietan bukatzea lortu du. Iazko edizioan sailkapen orokorrean 10. izan zen, eta Juanma Garate Irungo txirrindulariak irabazi zuen etapan hirugarren gelditu zen. Damiano Cunego taldeko liderrak sasoi onean dagoela, Lamprekoek ahalegin guziak eginen dituzte 2004ean lortutako garaipena berriz eskuratzeko. Hortaz, maiz izaten den bezala beratarra laguntzaile lanetan arituko da, baina aukera izaten badu etapa baten irabazten saiatuko da. Patxiren ustez, aurtengo ibilbidea aitzineko urteetakoa baino errazagoa da, baina antolatzaileek, segur aski sailkapen nagusia erabakiko dituzten mendate famatuak ez dituzte baztertu.
Larunbateko erlojuaren aurkan abiatuko den nafar bakarra izanen da Patxi Vila. Hala ere bertze 13 euskal txirrindularik parte hartuko dute gehienak Euskaltel Euskadi taldean arituko direlarik.