Fagoatarrak txapeldun Nafarroako Skeet Olinpiko txapelketan

Gurutze PIKABEA 2007ko maiatzaren 11

Antonio Javier Fagoagak eta Itsaso alabak emaitza onak eskuratzen segitzen dutela erakutsi dute berriki. Argazkia joan den urtean Espainiako Skeet Olinpiko txapelketan ateratakoa da, orduan ere bikain

Antonio Javier eta Itsaso Fagoaga aita-alabak

Antonio Javier Fagoaga eta Itsaso Fagoaga aita-alaba lesakarrak txapeldun gelditu dira Nafarroako Skeet Olinpiko Txapelketan. Txapelketa 100 platerekin jokatu zen, eta horretarako bi saio jokatu behar izan zituzten parte hartzaileek apirilean eta maiatzean: Baldorban 50 plater eta bertze 50ak Elizondon. Azken saio hau maiatzaren 1ean jokatu zen, eta eguraldi txarra izanagatik ere, aita-alabek 50 plateretik 41 bota zituzten. Hala, Elizondoko saioan hirugarren eta laugarren postuak eskuratu zituzten.

Baina apirilean Baldorban jokatutako saioa kontuan hartuz, sailkapen nagusian txapeldun izan ziren. Antonio Javier aita txapeldun absolutua, eta Itsaso alaba, berriz, emakumezkoetan.

Elizondoko saioan txapeldun J. Jose Aranburu gelditu zen, saio bikaina egin zuen, 50 plateretik 48 hautsita. Azpitxapeldun, berriz, Carlos Zubieta gelditu zen, 50etik 44 platera bota ondotik.

Bertzalde, Elizondon bertan, Foso Universal delako tiraketa ere jokatu zen egun berean, eta modalitate honetan, Xabier Azpeitia gelditu zen txapeldun. Bigarren kategorian, Adolfo Farpon (46 platera); hirugarrenean Juan Perez 43 platera hautsita eta laugarren mailan Domingo Yoldi 45rekin. Beteranoetan Pablo San Martín gelditu zen, 42 platera hautsitakoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun