Apirilaren 28tik maiatzaren 1era Udaberriko bestak, aurten berrikuntzarekin

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 11

Eskolako haurrek emanaldia eskaini zuten aurten ere. Argazkian duela bi urte besta ttiki hauetako emanaldian parte hartu zutenak ageri dira. Artxibokoa

Apirilaren 29an, lehen aldiz, azoka egin zen etxez etxe bildutako gauza eta produktuekin egin nahi den mapa diruz laguntzeko

Bertze urte batez, aurten ere Igantziko Euskara Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatuta Udaberriko bestak egin ziren herrian. Sanmigel bestak oraindik urruti baldin badaude ere, zer ikusi izan zen besta ttiki hauetan ere. Apirilaren 28an, larunbatarekin hasi eta maiatzaren 1a bitarte luzatu zen besta. Larunbat eguerdian Biltokin joko tradizionalak egin ziren. Ondotik, bazkaltzeko barrikotea antolatu zuten. Arratsaldean, eskolako haurren txanda izan zen, eta aitzineko aldietan bezala, euren emanaldia eskaini zuten Baratzondon.

Baina aurtengo bestetako berrikuntza nabarmena igandean, apirilak 29, ikusi ahal izan zen: lehen aldiz azoka egin baitzen, eta berezia gainera. Herrian egiten ari diren mapak izanen duen gastua ordaintzeko ekimena izan zen azoka. Hala, etxez etxe eskea egin eta jendeak emandako gauzak paratu zituzten azokan ikusgai eta salgai. Horrez gain, etxeko produktuak ere salgai jarri zituzten, eta eskolako ikasleen lanak ere ikusgai paratu ziren.

Zer ikusi eta zer erosi izateaz gain, zer entzuna ere izan zen herrian. Lesakako Musika Bandak kontzertua eskaini baitzuen.

Azken egunean, jokoak izan ziren frontoian haurrentzat, eta ondotik, merienda. Hurrengo aldirako agurtu zituzten Udaberriko Bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun