GR12ko bi jardunaldi jokatuko ditu asteburuan Lesakako taldeak

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 10a

Lehen jardunaldia galdu ondotik garaipenak beharrezkoak dituzte finalerdietara sailkatu ahal izateko

GR12 Bertso Bidea txapelketak aitzinera segitzen du, eta asteburuan Lesakako taldeak bi jardunaldi jokatuko ditu Zarautz eta Hernaniren aurka, biak etxean. Momentuz jardunaldi bat besterik ez dute jokatu Zarauztarren aurka eta galdu egin zuten 7 boto alde eta 15 aurka.

Asteburu huntako lehen norgehiagoka Zarauztarren aurka jokatuko da Linddurrenbordan afaldu ondotik, eta gure eskualdeko ordezkariek Iosu Sanjurjo, Iñigo Olaetxea eta Julen Zelaieta izanen dira. Biharamunean, Hernaniko bertsolarien aurka arituko dira Atxaspi ostatuan arratsaldeko 18:30etik aitzinera. Huntan Ioar Tainta, Erika Lagoma eta Etxabe arituko dira.

Momentuz lesakarrek kanporaketa bat baizik ez dute jokatu eta 15 eta 7 galdu zuten etxean ari ziren Zarauztarren aurka. Azken hauek bi norgehiagoka irabazi eta, E multzoko lehen postuan daude 4 punturekin, eta bigarrenak, berdinduta, Lesaka eta Hernani puntu banarekin. Aurten onartu den sistemarekin multzo bakoitzeko lehenak baizik ez dira finalerdietara pasatuko. Hortaz, lesakarrek etxean jokatuko dituzten norgehiagokak nahitaez irabazi behar dituzte. Ligaxkako azken kanporaketa maiatzaren 18an jokatuko du gure eskualdeko taldeak Hernanin.

GR12 alde batera utziz, bertso eskolak antolaturik Ioar Tainta, Erika Lagoma, Manolo Arozena eta Etxabek bertso saioa eskainiko dute Andre Mari zahar-etxean larunbat arratsaldeko 16:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun