Berako inauterietan herriko web orrian antolatutako argazki digitalen lehiaketan 56 lan aurkeztu ziren, eta Koro Irazokik irabazi zuen koadrila baten argazkiarekin.
Besta egun horietan ateratzen diren argazki andanarekin Berako Udaleko web orriak lehiaketa antolatzea erabaki zuen hemendik aitzinera artxibo bat osatzeko. Lehen edizioa izanik parte hartzaile anitzik ez dira izan 6 besterik ez, baina orotara 56 argazki aurkeztu zituzten, koadrilak mozorrotuak, Iñude eta Artzaiak, helduenak zein haurrenak, eskean ibiltzen diren otarreak, dantzariak, pintxoak, buru handiak eta andregaiak bertzeak bertze. Argazki zale gutti animatu baziren ere, aurkeztutako lanak maila onekoak izan dira eta pentsa daiteke urtetik urtera emendatuz joanen dela.
Epaimahaiak Koro Irazokiren argazki bat hautatu zuen irabazle. Eskean ibiltzen den neska koadrila agertzen da kolore biziz jantzita eta txapela buruan. Trikitilaria eta pandereta aitzinean dituztela bertzeek martxa segitzen dute otarrea eskuan. Atzeko aldean berriz goizeko lanbroa ikus daiteke. Argazki honi esker Korok iPod Shuffle delako bat eskuratuko du. Gainerako argazkiak www.berakoudala.net web orrian ikus daitezke.