EAEk elkarretaratzeak deitu ditu bihar arratsalderako

ttipi-ttapa 2007ko mai. 8a, 19:18

“Prozesu eta hauteskunde demokratiko batzuen alde ilegalizaziorik” ez izanen da hauen leloa

Ortzegunean erabakiko du Auzitegi konstituzionalak Abertzale Sozialisten Batasuna eta Eusko Abertzale Ekintzako zerrendekin zer egin. Joan den larunbatean Auzitegi Goreneko 61. Salak ASBko zerrenda guziak baliogabetu zituen eta EAEren kasuan berriz 133, tartean 4 gure eskualdekoak direlarik Baztangoa, Sunbillakoa, Aresokoa eta Lesakakoa. Ondotik bertze bi egun izan zituzten helegiteak jartzeko eta denek hala egin zuten. Hortaz orain Auzitegi Konstituzionalaren zain daude kanpainari ekiditeko ala ez. EAEko alderdikoek egoera horren aitzinean zer zioten jakiteko, Lesakako zerrendan 2. postuan aurkeztu den Iban Maiarekin egon gara. Bere ustez, konstituzionalak helegitea atzera botatzen baditu gatazka konpontzeko aukera paregabe baten ondoan pasatu dira.

Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutza legezkoa den alderdi bateko zerrenda batzuk onartzea eta bertze batzuk inpugnatzeak galdera bat baino gehiago utzi zituen airean. Egun batzuk beranduago Auzitegi Gorenak berak jakinarazi zuen inpugnatuak izan baziren denak baliogabetuko zituela. Erabaki horien aitzinean lesakar gazteak zer nolako irakurketa egiten zuen jakin nahi izan dugu. Dioenez prestatutako joko politiko bat besterik ez da izan.

Auzitegi Gorenaren erabakia salatzeko “Prozesu eta hauteskunde demokratiko batzuen alde ilegalizaziorik ez” lelopean elkarretaratzeak deitu ditu asteazkeneko Euskal Herriko herri guzietan EAEk, Lesakaren kasuan arratsaldeko 19:00etan izanen da. Ibanek erran digunez, elkarretaratzeak hauteskunde demokratiko batzuen alde presioa egiteko erabili nahi dituzte. Horretarako deia herritar guziei luzatzen diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun