Musika Bandaren 150. urteurrena ospatzeko ikuskizun benetan ikusgarria prestatu zuten lesakarrek

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 7a

Musika eta argia erabiliz urtean egiten diren ekitaldi nagusiak antzeztu zituzten

Ikusgarria izan zen benetan joan den larunbat arratsean herriko musika bandaren 150. urteurrena ospatzeko Plaza Zaharrean lesakarrek eskaini zuten ikuskizuna. Musika eta argi jokoak erabiliz Lesakako hitz ordu nagusiak izaten diren inauteriak, bestak eta gabonak antzeztu zituzten.

Larunbat arratsean, ehunka lagun bildu ziren Lesakako plaza nagusian bai ikuskizunaz gozatzeko bai ikuskizunean parte hartzeko. Herria ilunpean zegoela, balkoi batetik txalapartaren doinuak aditu ziren, eta momentu baten buruan adarraren doinua zabaldu zen Herriko Etxetik, ikuskizuna astera zihoa. Txalapartak segitzen zuela, musika banda osatzen duten instrumentuen zati batzuk entzuteko aukera izan zen tenorra, tronpeta, klarinetea, tronboiak, flauta eta saxoa bata bertzearen ondotik. Isildu zirenean berriz bertsolarien txanda izan zen. Dena ilun-ilun zegoela bertsolariek musika banda izan zuten aipagai. Hauen ondotik, ikuskizuna aurkeztuko zuten Estitxu Fernandez eta Jon Andueza taularatu ziren, Musika Bandaren historia eta ospakizunaren zergatia aipatu eta zehazteko.

Ikuskizuna, urteko ekitaldien arabera egitaratu zuten negua eta inauteriekin hasiz. Orduan Lesakako inauteriak Euskal Herri osoan famatuak egin dituzten Zakuzarrak plazaratu ziren, eta hauen ondotik hain famatuak ez badira ere, saihestezinak diren Fraindarrak eta Goitarrak.

Inauteriak alde batera utziz, San Ferminetara saltoa egin zuten, aurkezleek ezinbestekoa den zapi gorria jantzi zuten, eta uztailaren 6an egiten duten bezala txupinazoa bota zuten. Herriko bestak antzezteko ez zen ekitaldirik falta izan. Txistulariak atera ziren baita haurren danborrada ere. San Ferminetan musika garrantzitsua bada ere, dantzak ere zati handia okupatzen dute egitarauan eta ez nolanahiko dantzak. Ezpata dantza egin ondotik hagitz berezia izaten den Zubi Gainekoa eskaini zuten. Musika bandaren 150. urteurrena ospatzen zutela eta, bandaren banderari aurreskua dantzatu zitzaion. Ordu arte irriak txaloak, oihuak ez baziren falta izan, bidean galdutakoak ere aipatu nahi izan zituzten eta kasu horretan, goizean berean zendu zen Santiago Irigoien, hainbeste urteetan musika irakasle izana eta Iria partituraren idazlea. Dantzekin bukatzeko neska mutilek Neska Dantza eskaini zuten plazaren inguruan. Herriko trikitilariei tartea utzi ondotik Peñen Eguna gogoarazi nahi izan zuten. Horretarako bideoa baliatu zuten.

San Ferminak eta uda gibelean utziz, udazkena eta ikasturteari ekin zioten garai horretan izaten den kirol denboraldiaren hasiera aipatuz eta batez ere Beti Gazteko taldeak. Ikuskizuna bukatzear zegoela, Tomas Rekondo musikari lesakarra aipatu zuten eta bere izenak duen jota jo. Urtea bukatzeko gabonak izan zituzten aipagai eta batez ere horren kari egiten den Olentzeroren lehiaketa. Ikuskizuna agurtzeko denak batera Lesakari kantatu zuten hitzak pantailan ematen zituztela. Polita eta aberatsa izan zen larunbateko ikuskizuna, Lesakako herriak urte guzian eskaintzen dituen ekitaldien antzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun