Rafa Maritxalar lasterkari lesakarrak bere izena daraman herri lasterketa irabazi zuen igande eguerdian. Goizean 10:00etatik aitzinera haur eta gazteen mailako lasterketak jokatu ziren, eta 12:00etan lasterketa nagusia, guztira 130 bat lasterkarik parte hartu zuten.
Lasterketak bi zirkuitutan banatu zuten lehena 500mkoa aurre-benjamin, benjamin, alebin, infantil eta haurren mailakoentzat, eta bertzea 2kmkoa lasterketa nagusirako. Aurre-benjaminetan izan ezik, gainerakoetan neskak eta mutikoak egin beharreko bidea ezberdina izan zen, neskek beti itzuli bat guttiago egin behar izan zuten. Gaztetxoen mailakoek hitz ordua 10:00etan izan zuten eta hortik aitzinera gainerakoek.
Maila nagusiko lasterketa eguerdiko 12:00etan abiatu zen, ezinduak, kadeteak, jubenilak, juniorrak, seniorrak eta helduak denak batera. Hasi bezain laster bi gizon aitzinatu ziren, Rafa Maritxalar eta Gabriel Garin. Ibilbide osoan bi lasterkariek elkarrekin ibili ziren, baina azken metroetan bere publikoaren aitzinean aritzen zen lesakarra gailendu zen, eta bi segundoko aldea atera zion burlatarrari. Zortzi kilometroen betetzeko 25 minutu eta 25 segundo behar izan zituen Rafa Maritxalarrek. Hirugarrena Baionako Daniel Mehats bi minutu eta 2 segundo geroxeago helmugaratu zen 27 minutu eta 27 segundoko denborarekin. Seniorren mailako lehen emakumea, Baionako Marine Holtzheier izan zen 28 minutu eta 24 segundoko denborarekin. Bigarrena berriz, Lesakako Attitx Berruet izan zen, eta hirugarrena Irungo Izaskun Aranburu. Biek denbora bera egin zuten, 31 minutu eta 25 segundo. Helduen mailako gizonezkoetan garaipena Hondarribiko Iñigo Tumasentzat izan zen, eta emakumezkoetan berriz, Azpeitiako Arantxa Aldalurrentzat.