Berako VII. Mendi Itzulia antolatu du Agerra Mendi Taldeak iganderako

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 4a

Ikuspegi zoragarriez gain arbasoek utzitako ondareen aztarnak ikusten ahalko dira

Mendi martxak gustukoak dituztenek aukera paregabea izanen dute Berako inguruen ezagutzeko igande huntan VII. herriko itzulia antolatu baitu Agerra mendi taldeak. Hogeita hamar kilometro dituen ibilbidean Berako herriak eskaintzen dituen ikuspegi eta ondareez gozatzen ahalko da.

Zazpigarren Berako itzuliak aitzineko edizioetako ibilbide bera segituko du abiatzea eta bukatzea Agerra Mendi Taldearen egoitzatik eginen delarik. Hasi eta kilometro eskasera Santa Barbara igoko dute harrobiaren ondotik pasatu eta. Handik Labiaga aldera joko dute ibilaldiko lehen ikuspegi ederretaz gozatuz, Axuria, Aizkolegi eta Azkua ekialdean, eta Mendaur eta Saioa hegoaldean. Etxalar izan ezik Bortzirietako bertze herrien ikusteko aukera egonen da beti ere eguraldiak laguntzen badu. Labiaga igotzen den bitartean garai bateko ikatz meategiak ikusten ahalko dira pinudiaren artean. Sarako muga segituz ibilbideak Lizuniaga aldera eginen du eta hortik berriz gorantz Larrun aldera, Kapriora eta Kondendiaga lepotik barna. Eguneko zailtasun nagusiaren azken txanpari ekiditean cromlechak eta harrespilak ikusten ahalko dira. Ttonttorrera ailegatzerakoan berriz Lapurdiko zelaiak eta itsasoa aterako dira parte hartzaileen begietara. Larrundik jaisteko Zizkuitzeko lepotik pasatuko dira, eta Zubiria, Iasola Zahar eta Landagaitako lepoetatik barna Ibardin aldera joko dute. Manttale izanen da itzuliko azken ttontorra eta handik Hondarribia, Hendaia eta Aiako harrien ikuspegi ederraz gozatzen ahalko da. Bukatzeko gain behera eginen dute abiapuntura itzultzeko.

Parte hartu nahi dutenek, goizeko 6:00ak eta 7:50ak bitartean izena eman beharko dute Agerra Mendi Taldeko egoitzan, eta 7:00etatik aitzinera abiatzen ahalko da. Horretarako 6 euro ordaindu beharko da. Ohi bezala hornidura postuak egonen dira ibilbide guzian banatuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun