Rafael Maritxalar Lesakako XIII. Herri Lasterketa igande goizean jokatuko da herriko karriketan barna. Goizeko 10:00etan adin eta luzera ezberdineko lasterketak hasiko dira.
Herriko karriketan barna egiten den lasterketa aurre-benjaminen mailakoek irekiko dute 400mko ibilbidearekin. Ondotik, benjaminen txanda izanen da 10:15ean neskak eta 10:30ean mutikoak. Lehenek 500mko itzuli bat egin beharko dute, eta bertzeek berriz bi itzuli. Hauen lasterketa bukatu bezain laster, alebin mailako neskek dute lekukoa hartuko 10:45ean. Bi itzuli egin beharko dituzte hau da kilometro bat. Adin bereko mutikoek 15 minutu beranduago abiatuko dira, eta 1500m egin beharko dituzte, 3 itzuli hain zuzen ere. Infantil mailako neskek luzera berdina egin beharko dute, eta mutikoek bertze 500m, orotara 2km. Neskak lehenik hasiko dira 11:15ean eta mutikoak ondotik 11:30ean. Lasterketa nagusia hasi baino lehen adin guzikoei parte hartzeko aukera emateko haurren lasterketa, 2001az geroztik sortutakoena, eginen da 100mko luzeran. Hamabietan helduen lasterketari hasiera emanen zaio. Ezinduek 2km egin beharko dituzte baita kadeteen mailako neskek ere. Adin bereko mutilek eta jubenil mailako neskek berriz 4km. Juniorren neska eta mutilen, eta seniorren nesken lasterketa 6kmkoa izanen da baita beteranoena ere, gizonak zein emakumeak. Seniorren mailako gizonek ohi bezala 8km bete beharko dituzte.
Kategori guzietako lehen hiruek sariak eskuratuko dituzte baita lehen lesakarrak ere. Seniorren gizonezkoen lasterketa lehen hiruek garaikurrak izateaz gain diru sariak eskuratu dituzte, lehenak 90 euro, bigarrenak 60 eta hirugarrenak 30.
Aurtengo faboritoak iazko bi lehenak izanen dira Antonio Etxeberria eta herriko semea Rafa Maritxalar, beti ere azken hunek joan den igandean izandako ezbeharraz sendatu bada.