Igantzin, era berri bateko merkatua antolatu zuten igandean

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 3a

Igantziko Euskera Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatuta udaberriko besta ospatu da Igantzin. Bestak larunbatetik astelehenera segida izan du. Larunbat eguerdian hasi zen Udaberriko besta, eta hala, eguerdian Biltokin joko tradizionalak egin zituzten. Bazkaltzeko barrikotea antolatu zuten. Aurtengo Udaberriko bestak berrikuntza nabarmena izan zuen, izan ere, lehen aldiz azoka antolatu baitzuten. Bertze herrietan azoka hitza aunitz aldiz etxeko produktuen salmentarekin lotzen da, eta hala izaten da. Baina Igantzin bertzelako ekimena egin zuten. Igantzin mapa egiten ari dira eta lan honek suposatzen duen gastua neurri batean estaltzeko azoka egitea pentsatu zuten antolatzaileek. Etxez etxe eskea egin zuten eta jendeak etxean zituen gauzak eman zituen. Honez gain, etxeko produktuak ere salgai jarri zituzten eta eskolako ikasleen lanak ere ikusgai jarri ziren. Lesakako Bandak kontzertua eskaini zuen jendeak feriaz gozatzen zuen bidenabar. Oroitarazi Lesakako Musika Bandak aurten 150 urte betetzen dituela eta hau dela eta, maiatzaren 5ean ikuskizun ederra antolatu dutela. Larunbatean arratsaldeko 18.00etan Igantziko eskolako haurrek emanaldia eskaini zuten Baratzondon. Baina Udaberriko besta astelehena bitarte luzatu zen eta arratsaldeko 16:00etan jokoak izan zituzten frontoian. Hurbildutakoek berendu ederra dastatzeko aukera izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun