San Ferminak iragarriko dituen kartel lehiaketa zabaldu du Lesakako Udalak, eta honekin batera besten egitarauaren azalerako eta kontra azalerako lanen lehiaketa.
Kartelak kartulina edo paper lodian aurkeztu beharko da, norberak nahi duen teknika erabiliz 50 X 40cmko neurrian. Gaia libre izanen da baina kontuan hartuko da beharko da zertarako den. Testuari dagokionez, “Lesaka. 2007ko San Ferminak.” eraman beharko du. Egitarauaren azalaren lehiaketarako lanek ezaugarri berdinak izanen dituzte “Lesaka. 2007ko San Ferminak.” testuarekin, argazkiz edo marrazkiz, baina neurri ttikiago batean, hau da 25 X 20cm. Kartelaren zein egitarauaren azalaren lehiaketan parte hartu ahal izateko Lesakan jaio edo bizi izan beharko da. Hirugarren lehiaketa, kontra azalarena, azalaren lehiaketaren ezaugarri berdinak izanen ditu baina haurrei zuzendua izanen da, Lesakako ikastetxeetan diren 6 eta 12 urte arteko ikasleei hain zuzen ere.
Ohi denez, gisa horretako lehiaketetan lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabekoak izan beharko dute. Epaimahaiaren neutraltasuna segurtatzeko ohiko modua erabiliko da. Obra eta honekin batera eramanen den gutun azalak izenburu bera izan beharko dute, azken hunen barnean egilearen zehaztasunak idatziko direlarik, izena, abizena, helbidea eta telefonoa. Parte hartzaile bakoitzak nahi bezainbat lan aurkez ditzake. Obrak maiatzaren 18a baino lehen eraman beharko dira Herriko Etxera.
Sariei dagokionez, helduentzako bi lehiaketetan saria 500 eurokoa izanen da, eta kontra azalaren lehiaketan berriz 300 eurokoa. Epaimahaia, Lesakako Udaleko kultur batzordeak osatuko du. Sarituak izanen direnak izan ezik obra guziak egileei itzuliko zaizkie, hala ere, antolatzaileek jakinarazten dute aurkezten diren lan guziak egitarauaren barneko aldean erabili ahal izateko eskubidea berea egiten dutela.