Ander Erasunek finalerdietako txartela lortu du

ttipi-ttapa 2007ko maiatzaren 2a

Donato Larretxeak berriz bortxatu gabe hasi du txapelketa

Pentsatzen ahal zen bezala joan den igande eguerdian Arantzan jokatutako Urrezko Aizkolarien txapelketako norgehiagokak orekatuak izan ziren. Garaipenak segundo batzuetan erabaki ziren. Larretxeatar gazteek etsi behar izan zuten egun horretan hobeak ziren Ander Erasun eta Julen Kañamaresen aurka. Donatok berriz irabazi zuen bortxatu gabe. Bezperan Jon Rekondo Floren Nazabalekin neurtu zen Armentian. Itxura polita eman bazuen ere ezin izan zuen deus egin Etxarriarraren aurka.

Arantzan jokatutako gazteen mailako bi norgehiagoketan finalerdietarako txartela zuten jokoan. Alde batetik, Garikoitz Larretxea Julen Kañamaresen aurka aritu zen, eta Oihan Larretxea Ander Erasunen aurka. Arraioztarra gaizki hasi zen, eta kolpekako proban dagoeneko 14 segundo galdu zituen. Hala ere ez zuen etsi, eta ondoko probetan, 45 ontzako erlojuaren aurka eta 45 ontzakoa zutik, atzerapena 4 segundora murriztea lortu zuen. Zoritxarrez ordu arte egindako indarrak ordaindu zituen iraupeneko proban, Julen Kañamaresek 50 segundo atera zizkion norgehiagoka guztiz erabakita utziz. Lan guzien betetzeko Garikoitzek 7 minutu eta 6 segundo behar izan zituen, eta Julenek kasik minutu bat guttiago 6 minutu eta 12 segundo.

Gazteen mailako bigarren norgehiagokan, bi aizkolariak hemengoak ziren, alde batetik Oihan Larretxea, eta bertzaldetik Ander Erasun. Beratarra ederki hasi zen, eta lehen bi proben bukatzean 22 segundoko aldea kentzen zion aurtiztarrari, baina hortik aitzinera Anderek bertze itxura bat eman zuen. Ondoko bi probetan jaun eta jabe izan zen, eta Oihan ongi aritu bazen ere ezin izan zuen deus egin Malerrekarra menean hartzeko. Lanak bukatzeko Anderek 6 minutu eta 56 segundo behar izan zituen eta Oihanek berriz 7 minutu eta 10 segundo. Gazteen mailako finalerdian beraz, Erasun Atutxaren aurka arituko da, eta Kañamares Mindegiaren aurka.

Arantzan jokatutako hirugarren norgehiagoka maila nagusiko final laurdenetako ligaxkako 3. multzoko lehen jardunaldia izan zen Donato Larretxea eta Jose Migel Peñagarikanoren artekoa. Kolpekako eta iraupeneko proba galdu bazituen ere aranztarrak kontrolatzen zuenaren itxura eman zuen. Lehen proban 4 segundo galdu bazituen ere, ondoko lauretan erraz nagusitu zen aldea handituz. Iraupeneko proban aldiz 30 segundo galdu zituen baina lasai aritu zela zirudien. Kontuak egiterakoan, 18 minutu eta 40 segundoko denborarekin, minutu bat eta segundo bat atera zion Jose Migeli.

Bezperan, Jon Rekondo Nazabalen aurka aritu zen Armentian. Itxura polita eskaini bazuen ere leitzarrak ezin izan zuen deus egin joan den urteko txapeldunaren aurka. Lan guzien betetzeko 24 minutu eta 57 segundo behar izan zituen eta etxarriarrak 2 minutu eta 6 segundo guttiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun