‘Zubi’ gogoan

Nerea ALTZURI 2007ko maiatzaren 2a

TTIPI TTAPA

Urte hasieran Taillon mendian zendutako Xabier Zubieta mendigoizalea omendu zuten joan den apirilaren 21ean Ekaitzako Bultuko Gainean. Aitzineko larunbatean, bere oroimenez harri bat paratu zuten mendi itzuliko bere lagunek, eta zortzi egunen buruan, aipatu dugun larunbat goiz horretan, lagun koadrila batek, tartean bere emazte eta seme-alabak, ekitaldi ttiki batean parte hartu zuten. Zubietaren gogoko lekua zen Ekaitzako Bultuko Gaina ere, eta bere betiko desioa omen zen bertan ikurrina paratzea. Horixe oroitarazi zuen omenaldian Xabik hasierako hitzetan. Ondotik, Ana bere emazteak ikurrina jarri zuen harrien ondoan, eta Aitorrek bertsoa kantatu zuen. Azkenik, Aintzane eta Maider txistulariek akabera eman zioten omenaldi-ekitaldi xume eta hunkigarriari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun