Herriko 32 merkatarik Zerbitzu Elkartea sortu dute

Aitor AROTZENA 2007ko maiatzaren 2a

Lehendakari lanetan Maite Igartzabal arituko da eta Javier Oronoz izanen da idazkaria

Herriko merkataritza indartzeko asmoz, Lesakako 32 ostatu, dendari eta enpresarik Lesakako Zerbitzu Elkartea eratu dute. Elkartea apirilaren 18an aurkeztu zuten eta indarrak batzearen beharra azpimarratu zuten. Elkarteak junta bat izanen du, eta lehendakari lanetan Maita Igartzabal arituko da. Idazkaria, berriz, Javier Oronoz izendatu dute. Ana Igoa lehendakariordea izanen da, eta Rosa Lasaga diruzaina. Batzordea osatzen duten gainerako kideak Iñaki Portu, Esther Altzugarai eta Marian Mendiberri dira. Aurreikusitako proiektuen artean, uda aldera sustapenak egin nahi dituzte eta udazkenean ikastaroak egiten hasteko asmoa dute.

Batasuna eta aniztasuna logoan

Elkarteak badu dagoeneko logotipoa. Aukeratzeko zabaldutako lehiaketan 9 obra aurkeztu ziren eta Urtzi Llarenarena hautatu zuten. Honek «zerbitzuen batasuna eta aniztasuna» eman nahian, hondo zuria duen espiral bat marraztu zuen, tonu desberdinetako berdeak dituen zirkuluekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun