150 urte beteko ditu aurten Lesakako Musika Bandak

Goizalde URDANPILLETA 2007ko maiatzaren 2a

TTIPI TTAPA

Maiatzaren 5ean eginen da ospakizuna

150 urte pasatu dira Lesakako Musika Banda sortu zenetik. Nafarroako zaharrena omen da, eta dudarik gabe, erreferentzia garrantzitsua herriarentzat. Rafael Salcedo organista izan zen lehenbiziko zuzendaria. Geroztik, zuzendari saila pasatu dira.
Urteurrenaren harira, besta eguna izanen dute larunbat honetan: urte guztian bandak parte hartzen duen Lesakako ekitaldietan oinarrituz, antzezlana prestatu dute.

Herriko bestak eta ospakizunak animatzeko asmoz sortu zuten Lesakako Musika Banda 1857. urtean, eta krisialdiak krisialdi, 150 urtez iraun du.Lehenagotik ere herrian musikarako joera nabaria zen. XIX. mende erdialdean, San Martin parrokiako erretore zen Sebastian Ardaizek musika eskolak ematen omen zizkien herriko gazteei. 1857an, Ardaiz hil zenean, Lesakako Hogeiko Batzordeak zuzendari berria hautatu behar izan zuen. Garai korapilatsuak ziren, krisi ekonomikoa zela eta. Baina Herriko Etxeko agiriek argi erakusten dute musika irakaskuntza gazteek lana bilatzeko erabilgarria zela, eta «herrietako bizitza miserableari aitzin eginez, gizarte on baten hezkuntzaren zati garrantzitsu zela».

1857ko uztailaren 26an egindako bilkuran, hiru interesaturen memoriak aztertu, eta batzordeak Rafael Salcedo izendatu zuten zuzendari. Baina Salcedok herriko apezarekin gorabeherak izan zituen eta kargutik kendu zuten. Hutsunea betetzeko, 12 hautagai aurkeztu ziren, eta behin frogak egindakoan, Iruñeko katedraleko organista zen Damian Sanzek Francisco Viela hautatu zuen.1866ko abenduaren 30ean izan zen hori. Vielak 50 urte egin zituen lanean. 1916an egindako lana eskertze aldera, omenaldia egin zioten.

XIX. mende akabera eta XX.mende hasiera inguruan, ezadostasunak tarteko, Elizak bigarren banda bat sortu zuen. Kasu honetan, elizkizunak alaitzeko. Denboraldi batez, bi banda izan ziren Lesakan: udal banda eta elizakoa. Baina urte batzuk beranduago, Juan Etxarte ‘Pampurrio’ zuzendari zela, bi bandak batu ziren. Kargua utzi zuenean, 1918an, Candido Albistur izendatu zuten zuzendari, eta Etxartek musika eskolako ardura hartu zuen. Zuzendari garrantzitsua, dudarik gabe, partitura ugari konposatu baitzituen. Horien artean, Lesakako oroipenak herriko dantzen bilduma. Bitxikeria gisa, aipatu, 20 kide zeudela orduan Bandan eta hauetatik soilik bortzek zutela musika ikasketak. Gainerakoek belarriz jotzen zuten.

Garai politikoaren eragina

Garai politikoak ere bere arrastoa utzi zuen Bandan. 1931n bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, alkateak Riegoren ereserkia ikastea agindu zuen. Albistur, ordea, karlista izaki, ez zuen horrelakorik egin nahi izan eta, Udalarekin akordio batera ailegatu ez zenez, dimisioa aurkeztu zuen. Dena den, diskrezioa eman nahian edo, bertzelako itxura eman zitzaion auziari.

Lan aunitzeko urteak izan ziren. Udalak akademiako arduradunarentzat araudia onartu zuen orduan, eta Bandari ikur bat eman. Izan ere, ordurako herritik kanpo kontzertuak eskaintzen zituen, Gipuzkoan zein Nafarroan.

1931n Bautista Berges izendatu zuten zuzendari kargurako, baina kideen arteko tentsioa zela eta, 1934an bortxatutako eszedentzia eman zioten, Udal Banda desegin zenean. Krisiak krisi, musikariek ez zuten igande batean ere hutsik egin. 1935ean Bandak Udalarekin zuen dependentzia hautsi eta dirulaguntza emateko hitzarmena sinatu zuten. Musikariek Pantaleon Agara izendatu zuten presidente kargurako.

Tomas Agirre, Luis Oronoz, Gillermo Agara… Izen andana pasatu dira zuzendaritza kargutik. Baina 1965ean Gillermo Agarak kargua utzi zuenean arduradunik gabe gelditu zen Banda. Hala ere, urtero eta zenbait musikarien laguntzari esker, ez zuten hutsik egin San Fermin Egunean. 1982an berriz indartu zen Banda Jabier Igoa zuzendariarekin. Gaur egun, Mikel Iriarte dago kargu horretan, 1998az geroztik.

Bandaren aipamenak egunkarietako kroniketan

Lesakako kronikei begira, sarritan Bandaren aipamenak ageri dira. 1919ko uztailaren 25ean, adibidez, musika besta handi bat izan zela gogoratzen dute. Bertze kronika bat aipatzearren, 1918ko uztailaren 5ekoa egin dezagun. Lesakako Udalak San Fermin bestak zirela eta, egitarau zabala prestatu zuen, eta horien artean, uztailaren 6ko arratsean, Musika Bandak Plaza Zaharreko kioskotik eskainitako dantza saioa.

1857ko araudia Musika Bandan sartzeko baldintzak

Irakurtzeko kuriosoa. 150 urtetan gauzak nola aldatu diren adierazten du Lesakako Musika Bandaren orduko araudiak.
1857an izendatu zen orkestra gisa lehen aldiz eta urte horretako uztailaren 26an hainbat baldintza onartu ziren, Rafael Salcedo zuzendari zela. Sei puntutan dago banatua, batzuk bereziak dira eta 150 urte beranduago halakoak irakurtzeak harridura sortzen du:
1. 15tik 30 urte bitarteko lesakar guztiak, jarrera ona eta udalaren baimena baldin badute, Filarmonia Elkarteko kide izan daitezke, eta musika eta musika tresna ikasteko aukera izanen dute deus ordaindu gabe. Gisa berean, 12 urte izanangatik ere, mutiko sendoak eta adimen-tsuak badira, onartuak izanen dira.
2. Udalak ordainduko ditu musika tresnak, euren konponketak, argiztapena, tresnak eta orkestrak behar dituen gainerakoak, eta zuzendariarekin finkatuko ditu akademiako egun eta orduak, beti ere, urtaroaren eta bazkidei komeni zaienaren arabera.
3. Bilkuretara eta Udalak edo zuzendariak agindutako emanaldietara joaten ez den bazkidea orkestratik kanporatua izanen da.
4. Zentzuzko arrazoirik gabe hiru aldiz jarraian edo sei aldiz akademiara edo orkestrako bertze bilkuretara joaten ez bada kanporatua izanen da; zuzendariaren aitzinean bihurrikeria edo errespetu falta erakusten badu ere kanporatuko da, eztabaidatu, iskanbilak sortu edo hitz traketsak erraten baditu. Fama txarreko ostatu eta inguruetan dabiltzanak ere kanporatuko dira, gauez ibiltzen direnak eta umil eta jarrera zuzena ez dutenak.
5. Ezin duelako edo bertze arrazoi bat tarteko, akademiara joan ezin denak sei ordu lehenagotik abisatu beharko du.
6. 20 urtez azpiko musikariei dagokionean, orkestrari loturiko edozer egiteko bi lagun hautatzeko aukera izanen du zuzendariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun