Urrezko Aizkolarien Txapelketako jardunaldia Arantzan jokatu da igandean

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 27a

Parte hartuko duten 6 aizkolarien artean 4 gure eskualdekoak izanen dira

Asteburu huntan Urrezko Aizkolarien Txapelketan jokatuko den saio bakarra gure eskualdean izanen da, Arantzako pilota-lekuan hain zuzen ere. Bertan lehiatuko diren 6 aizkolarien artean lau hemengoak izanen dira, Garikoitz, Oihan eta Donato Larretxea, eta Aurtizko Ander Erasun.

Gazteen mailan, 18 urte baino gazteagokoetan finalerdietarako txartela izanen dute jokoan. Horretarako, Oihan Larretxea Ander Erasunen aurka arituko da, eta Garikoitz Larretxea Julen Kañamaresen aurka. Aizkolari gazteek 4 lan bete beharko dituzte ahal bezain laster aurkaria kanporatzeko. Lehena ohi bezala 45 ontzakoa kolpeka izanen da, eta bigarren berriz, neurri berdinekoa baina erlojuaren aurka. Hirugarren lanean zutikako 36 ontzako bat moztu beharko dute, eta azkenik iraupeneko proban 54 ontzako bi enbor etzanda. Ez dago dudarik bi kanporaketak interesgarriak izanen direla maila onekoa izateaz gain oso irekiak izanen baitira. Irabazten dutenak Atutxa eta Mindegiaren aurka arituko dira txapelketako finalerdietan.

Igandeko hirugarren norgehiagoka maila nagusiko final laurdenetako ligaxkako C multzoko lehen jardunaldia izanen da, Donato Larretxea eta Jose Migel Peñagarikanoren artekoa. Bi hauek gazteak baino lan gogorragoa izanen dute. Hasteko 45 ontzako bat moztu beharko dute kolpeka, eta ondotik berriz bertze bat baina erlojuaren aurka. Neurketaren 3. proban zutikako 45 ontzako bat moztu beharko dute. Bete beharko dituzten lanetan segituz ondoko proban bi enbor izanen dituzte bata zutik eta bertzea etzanda, biak 36 ontzakoak. Azken aurreko lanean enbor bat baizik ez dute izanen, baina 60 ontzakoa. Azkenik iraupeneko probari ekinen diote eta 45 ontzako 2 enbor eta 54 ontzako lau enbor moztu beharko dituzte. Faboritoa Donato Larretxea izanen da dudarik gabe, gainera Arantzako aizkolaria zer sasoian dagoen ikusten ahalko da binakako finalaz geroztik gutti ikusi baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun