Beratarrek Gazte Eguna larunbatean ospatuko dute

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 26a

120 lagunek izena eman dute eguneko ekitaldietan parte hartzeko

Berako Gazte Asanbladak 5. aldiz antolatu duen Gazte Eguna heldu den larunbatean ospatuko dute, goizean Kaxernan, eta arratsaldean Altzaten. Aurtengo ediziora 12 taldek izena eman dute orotara 120 bat lagun.

Egunari hasiera emateko parte hartzaile guziak 11:00tan bilduko dira Kaxernan. Orduan, egunaren aurkezpena eginen da, eta 12:00etan gauza serioak hasiko dira pasta lehiaketarekin. Talde bakoitzak pasta plater bat prestatu beharko du. Eguneko txapelketarako balio izateaz gain, ohitura den bezala haien bazkaria ere izanen da. Hau izanen da goizeko proba bakarra 14:00ak aldera denak batera bazkalduko baitute.

Indarrak eskuratu eta gero, ariketa fisikoei ekinen diete. Horretarako maiz ikusten diren hainbat probetan arituko dira, sagar dantza, hanka batetik lotuta aurkarien globoa lehertu beharra, imintzioka eta aulki jokoa bertzeak bertze. Aurten joko berri bat asmatu dute, hau da kajen jokoa. Edarien kaja arruntekin dorre bat egin beharko dute, eta ondotik horren gainera igo. Gorena ailegatzen denak irabazten du. Proba hau Altzateko pilota lekuan eginen dute arratsaldeko 18:00etan, eta antolatzaileen iritziz ikusgarria izanen da. Joko guziak bukatu eta, joan den urtean bizi-bertso-poteoa egin bazuten, aurten bizi-txiste-poteoa egiteko asmoa dute. Ostatuz ostatu bizikletan ibiliko direlarik poteatzen, talde guziek puntuaziorako balio izanen duen txisteak kontatu beharko dituzte.

Azkenik, txapelketa alde batera utziz, berendu afaria eginen dute 20:30ean Katakuko terrazan, eta ondotik Aritz Sound Systemek entzunaldia eskainiko du Uraldea karrikan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun