Bigarren eskuko gauzen eta etxeko produktuen merkatua eginen da igandean

ttipi-ttapa 2007ko apirilaren 26a

Bilduko den diruarekin Igantziko mapa ordaintzen lagunduko da

Igantziko Euskara Batzordea eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatzen duten Udaberriko Besta asteburuan ospatuko da, larunbatetik astelehenera. Horren kari bigarren eskuko gauza, etxeko produktu eta eskolako ikasleen lanen merkatua antolatu dute bigarren egunerako.

Larunbat eguerdian hasiko dituzte Udaberriko Bestak igantziarrek. Hamabietan Biltokin bilduko dira joko tradizionaletan haien artean neurtzeko. Ondotik bazkal ordua hurbiltzen joanen denean barrikotea izanen dute han bertan.

Aurtengo Udaberriko Besten berrikuntza nagusia igande goizean antolatuko duten merkatua izanen da, guttitan ikusten diren gisakoak. Hamarretatik aitzinera, herritarrek eskainitako bigarren eskuko gauzak, etxeko produktuak eta eskolako ikasleen lanak salgai paratuko dituzte plazan Igantziko maparen ordainketan laguntzeko.

Eguerdian merkatuak segituko duen bitartean, Lesakako Bandak kontzertua eskainiko du 12:00etan frontoian. Larunbateko egitarauarekin bukatzeko arratsaldean, 18:00etan. Igantziko eskolako haurrek antzerki emanaldia eskainiko dute Baratzondon.

Astelehena haurrentzako eguna izanen da arratsaldeko 16:00etan jokoak ekarraraziko baitituzte frontoira. Horretaz gain berendua eskainiko diete hurbildu diren gaztetxoei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun