Igandean jokatuko da Manttale Mendi Lasterketa Taldeak antolatzen duen Berako III. Mendi Maratoi Erdia. Aurtengoan Euskal Herriko IV Mendi Lasterketa Txapelketa ere izanen da.
Antolatzaileek jakinarazi zutenez, aurtengo edizioa baliatuko dute hitz ordu horren sortzen lan egin zuten Loro Pikabea eta Xabier Zubieta, eta iaz parte hartu zuen Xabier Saralegi omentzeko. Aitzineko bi urteetan bezala lasterketa kiroldegitik aterako da goizeko 9:30ean. Hasi bezain laster lehen zailtasunari ekinen diote, hau da Manttale. Hortik jaitsita Landagainetara segituko dute Ibardinen barna, eta orduan Larunera igoko dira lasterketako bigarren zailtasuna haien gibelean utziz. Bukatzeko azken kilometroak gain behera izanen dira, kiroldegian izanen den helmugaraino. Ibilbidean, 5 hornidura gune egonen dira eta hiru erretiratzeko.
Dagoeneko 350 lagunek izena eman dute aurtengo lasterketan parte hartzeko. Hala ere bertze 50 bat lasterkarik parte har dezakete. Horretarako izena eman beharko dute www.manttale.com web orrian. Dortsalak eta shipak lasterketa baino lehen eskuratu beharko dira, 8:00etatik 9:00etara, edo bezperan Gure Txokoako Iamotenea egoitzan arratsaldeko 16:30etik 18:30era. Bestalde ibilbidea ezagutzen ez dutenentzat larunbat arratsaldeko 19:00etan lasterketaren aurkezpena eginen da Kultur Etxean. Patxi Pikabeak eta Fernando Etxegaraiek Maratoi erdiaren nundik norakoak azalduko dituzte eta ikus-entzunezko labur bat eskainiko da. Lasterkarien animatzera joan nahi dutenentzat, iaz bezala mendi irteera aurreikusi dute. Kiroldegitik goizeko 9:00etan aterako dira eta 9. kilometroan lasterketa ikusi eta gero helmugara itzuliko dira bukaera ikusi ahal izateko.
Dirudienez, igandeko lasterketa nahiko interesgarria izanen da. Iazko txapelduna eta ibilbidearen errekorra duena Ionut Zincak dagoeneko segurtatu du parte hartuko duela. Bestalde Fernando Etxegaraiek denboraldi hasiera huntan sasoi betean dagoela erakutsi du duela hilabete bat Sarako Traila irabaziz. Gainera pentsa daiteke iaz galdutako txapela berreskuratu nahiko duela. Aipatutako bi lasterkari hauek mendiko probetako podiumetan maiz ikusten badira, ezustea errepideko probetan ezagunagoa den Rafa Maritxalar Lesakarrak eman dezake. Mendian entrenatu da eta Sarako lasterketan bigarren postua lortu zuen Fernandotik 2 minutura. Sari banaketa eta omenaldia ordu batak eta erdietan eginen da Altzateko pilota-lekuan.